euskal diaspora eta kultura
2013/11/05
PUBLIZITATEA
San Frantzisko, EEUU. BEOk urtero antolatzen duen Basque Cultural Day egunak Euskal Herria, Eskozia eta Irlanda batuko dituen festa ekarriko du San Frantziskoko Basque Cultural Center-era. Eguneko egitarauak dantzak, hitzaldiak eta anaitasun afari bat proposatu ditu, besteak beste. Festaren ardatza eta inspirazio iturria "Gazta Zati Bat" dokumentala da, Jon Maiak zuzendua, eta horren haritik uztartu dira jaian jorratuko diren gaiak eta ekitaldiak.
Maiaren filmak autodeterminazio eskubidearen inguruko hausnarketa egiten du, Idiazabal herriko biztanleen esperientziaz baliatuz. Herriko biztanleek bertako herri kirolak biziberritzen saiatuko dira, Eskoziako lagun batzuen sostenguaz. Munduan zehar ezaguna da Gipuzkoako herri hau, izen bereko gaztari esker, eta gaztak ere bere tartea du historia honetan.
Baserri Cheese, dantza eta autodeterminazioa
Eguna hitzaldi sorta batekin abiatuko da, 13:00tatik 16:15tara bitartean. Aurreneko hizlaria Marcia Barinaga izango da, Marin Countyko Barinaga Ranch-eko gaztagilea. Marciak egiten duen Baserri gaztak hainbat sari irabazi ditu eta euskalkaliforniarrak gaztaren elaborazio prozesua eta AEBetan euskal gazta egitearen abentura izango ditu hizpide.
Ondoren, Lisa Corcostegik euskal, irlandar eta eskoziar dantzei buruzko solasaldia eskainiko du. Lisa antropologoa, dantzaria eta genealogia aditua da eta euskal ikasketak egin ditu Renoko Center for Basque Studies-en. Azkenik, Xabier Irujo Center for Basque Studies-eko zuzendariak autodeteminazio eskubidari buruzko hitzaldia emango du eta gaur egun eskubide horrek Europan duen esanahia aztertuko du, batez ere euskal, eskoziar, irlandar, flandriar eta kataluniar herriei dagokienez.
Dantzariak eta gaiteroak
Ondoren, dantza ikuskizun batek euskal, eskoziar eta irlandar tradizioak uztartuko ditu. Dantzariak honako taldeak izango dira: Zazpiak Bat Basque Dancers (Valerie Arrechea zuzendari), Scottish Highland Dancers (Barbara Cormack eta Kathy Yamyren zuzendaritzapean) eta Irish Step Dancers taldea, Murphy School of Irish Dance eskolakoa. Eurekin batera Jeff Campbell gaita-jotzailea arituko da.
Erakustaldiaren ostean anaitasun afaria egingo da 19:00etan Basque Cultural Center-en. Hitzaldi eta dantza ikuskizunetan parte hartzea irekia eta doakoa da, baina afarirako izena eman beharra dago eta prezioa 35$takoa izango da (10$ 12 urtetik berakoek).
Informazio gehiago BEOren webgunean, Nicole Sorhondo-i deituz (415-285-0748) edo e-maila bidaliz Info@BasqueEd.org helbidera.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus