euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

San Frantziskoko Basque Cultural Center-eko Bizi Emankorra saria jaso dute Kaiet Sorhouet eta Pedro Salaburuk

2015/02/27

Pedro Salaburuk (ezkerretik bigarrena) eta Kaiet Sorhouetek (lehena, eskumatik) esker oneko hitzak izan zituzten Euskal Etxeko lagunentzat, Bizi Emankorra saria jasotzeaz pozarren (Argazkiak: SFBCC)
Pedro Salaburuk (ezkerretik bigarrena) eta Kaiet Sorhouetek (lehena, eskumatik) esker oneko hitzak izan zituzten Euskal Etxeko lagunentzat, Bizi Emankorra saria jasotzeaz pozarren (Argazkiak: SFBCC)

PUBLIZITATEA

Elizondotik (Nafarroa) Ameriketaratu zen Salaburu eta Arnegitik (Nafarroa Beherea) Sorhouet, duela mende erdi biak. Jose Mari Miura baztandarrarekin batera, otsailaren 15ean, San Frantziskoko Basque Cultural Center-ek omendu egin ditu, elkartearen 33. urteurreneko bestan, "urtetan zehar eman diguten laguntza handiagatik”. EuskalKultura.com-ekin solasean, ohoretzat jo dute biek saria eta Gure Euskal Etxekarekin daukaten harremana sinbiotikoa dela aitortu digute: "Euskal Etxeak eta guk, egia esateko, elkarri lagundu diogu", adierazi dute.

San Frantzisko, AEB. Maitasuna eta esker ona darie bi saridun hauen hitzei, Basque Cultural Center-az ari direnean. Izan ere Kalifornian finkatu eta familia sortutako bi nafarrok bizitza osoa daramate Estatu Batuetako euskal gizataldeko partaide izaten eta ingelesez 'Basque Cultural Center' eta euskaraz 'Gure Euskal Etxea' izena hartzen duen erakunde hau 1982an sortu zenetik bidelagun izan dute euren bizitzetan, eta ez edonolakoa. “Euskal Etxea bigarren etxe bezala da guretako”, aitortzen du, bien ustea islatuz, Salaburuk.

Ildo beretik, eta Kaliforniara ailegatu aurretik Estatu Batuetako beste leku batzuetan honelako euskal etxe baten berotasun eta sostengurik gabe bizi izandakoak gogoan, Sorhouet-ek dudarik ez du Gure Euskal Etxeak bere bizimoduari ekarritakoaren garrantzia azpimarratzerakoan. "Ez da konparatzen ahal", dio, "lagun artean bizitzearekin, eta euskal etxea beti hor dela dakizula".

Kaiet Sorhouet arnegitarrak Nafarroa Beherea utzi eta Wyoming-era abiatu zen 1964. urtean. Bertan artzain aritu zen, harik eta, 1969an Euskal Herrira bisita egin ostean, 70. hamarkadarekin batera bizitza berria hasi zuen San Frantzisko aldean. “Wyoming-a artzain joan eta 1970ean San Frantziskora egin nuen. Alde handia. San Frantziskon lagun onak nituen eta baratzean ari gara geroztik”.

Hotel Des Alpes izan zuen San Frantziskoko lehen sutondo Kaietek. “Hor egiten genuen lo ongi. Nik maite nun artzain lana, baina gerora ez da bizia. Bakarrik beti. Maite nuen bizimodua, baina adin batetik aitzina ez da gauza bera. Hemen, baratzetan, jende artean, beste bizi klasea da”, aitortu du, gomutak partekatuz. Edonola ere, “beti kontent” bizi izan dela dio, bai Wyoming-en eta bai Kalifornian.

Bestalde, Pedro Salaburu Kaliforniara bertara heldu zen Euskal Herritik. 1965ean Bakersfield-en lortu zuen artzain izateko kontratua eta lau urtez ibili zen abereak zaintzen: “Kontratuan guti irabazten zen eta, bukatuta, Espainiara joan behar berriz. Baina Espainian gauzak hain ziren apal… Eta Ameriketan, etxea ahal zen erosi, eta autoa… Hemen hobekiago irabazten zen eta geratu ginen. Eta denborarekin, hemen lagunak egin eta hangoak galdu. Baina hura ez dugu ahanzten, hori ez”, hausnartzen du.

San Frantziskon bizi ziren lagun aldudar batzuen etxera bildu zen 1970ean, Elizondon urtebete eskas eman ostean. “Jean Pierre Ospital eta Alice Arriet ziren. Jean Pierre hil zen, baina Alice bizi da oraino. Landscaping (paisajismoa) egiten nuen. Gero beste lagun batekin izan nintzen, Bernar Belait-ekin, urte bat, lan bera egiten eta 74an erosi nuen gure etxea”.

Bi emigranteek, baina, Euskal Herrian aurkitu zuten emaztea, Kalifornian sustraitu baino lehenago. Han ezkondu eta bueltan itzuli ziren Ameriketara. 1978an esposatu zen Sorhouet, Urdazubiko Marie Etcheguneberry-rekin, eta bi seme-alaba izan zituzten: Mark eta Natalie. Bere aldetik, Salaburu, Arizkungo Mari Karmen Oscarizekin ezkondu zen, 1973.ean. Idoya eta Xabierren guraso bihurtu ziren, lehena musikaria eta Euskal Etxeko zuzendaritza batzordean aritutakoa eta, bigarrena, klika taldeko kidea.

Mende erdi igarota ere, lanean jarraitzen dute biek, “lehen baino gutiago”, baina, elizondotarraren berbetan. Bere kontu ari da, baratzagile edo lorazain enpresarekin lanean, eta baratzean ere jarraitzen du Sorhouetek. Ahal dutenean Euskal Etxera hurbiltzen dira biak, “lagunak ikusteko”, baina plan desberdinak eginez: Pedrok frontoia du gustuko, nahiz eta “hezurreko arazo bat izan nuenn eta pilotak ez nau(en) maite”, esan, barrezka. Kaietek karta jokoan aritzea du plazer.

Pozez eta ilusioz jaso zuten, hilaren 15ean, Euskal Etxeak emandako Bizi Emankorra saria. “Izigarri lagungarria izan da Eskual Etxea, guretako espezialki”, esan du Salaburuk, Sorhoueten sentimenduak ere adieraziz.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia