euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

San Frantzisko NABOren eta Ipar Ameriketako euskal etxeen bilera banaren egoitza izango da bihar eta etzi

2018/02/15

San Frantziskoko Gure Euskal Etxea edo Basque Cultural Center-en (BCC) egoitzan egingo dira bi bilerak (arg. EuskalKultura.com)
San Frantziskoko Gure Euskal Etxea edo Basque Cultural Center-en (BCC) egoitzan egingo dira bi bilerak (arg. EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

San Frantziskoko Basque Cultural Center-en datorren asteburu honetako elkarretaratze eta festa baliatuz, bi bilera instituzional egingo dira datozen bi egunetan Euskal Etxearen egoitzan. Bihar ostirala, eta Eusko Jaurlaritzak deituta, Ipar Ameriketako Euskal Etxeetako ordezkarien eskualde bilera egingo da, bertara deituak daudelarik Mexiko, Kanada, Estatu Batuak eta Saint Pierre eta Miquelon-eko euskal etxeen ordezkariak. Biharamunean, berriz, NABO, Ipar Ameriketako Euskal Etxeen federazioak egingo du San Frantziskoko BCCen udaberriko bere bilkura.

San Frantzisko, AEB. Lehenengo bilera, ostiralean bazkalostean egingo dena, 15:00etatik aurrera, Euskal Gizataldeen Mundu-Batzarren arteko bilera bat da, lau urtean behin Mundu-Batzarren artean egiten dena, Jaurlaritza antolatzaile. Gogora dezagun, Euskal Gizataldeen Mundu-Batzarrak lau urtean behin egiten direla, eta Batzar horien artean, eskualde-bilerak egiten direla, horretarako mundua hiru multzotan sailkatuta: Europa eta Asiako Euskal Etxeak, Ipar Amerika eta Hego Amerika. Bihar San Frantziskon egingo dena, Ipar Ameriketakoa da, eta ordezkariak bilduko ditu geografikoki Ipar Amerika osatzen duten herrialdeetakoak, hala nola Kanadatik, Estatu Batuetatik eta Mexikotik, eta baita Saint Pierre eta Miquelondik ere, politikoki frantses estatuko parte bada ere, geografikoki Ipar Ameriketan kokatzen baita.

Izan ere behar da azpimarratu hau izango dela Saint Pierre eta Miquelongo Euskal Etxea gainerako euskal etxeekin batera parte hartzen duen lehenengo aldia, elkarte gisa bere historia eta ibilbidea askoz luzeagoak badira ere, iaz arte ez baitzituen aurkeztu paperak euskal etxe legez Jaurlaritzaren onespena lortzeko, eta beraz 2017tik baizik ez da ofizialki euskal etxeen zerrendan sartu.

(bilerako gai nagusi gisa hiru puntu iragarri dira bereziki: -Antolatuak dauden euskal komunitateen etorkizuna: Nola egin kultura ondarea luze iraun dezan; -Kultura ondare horren belaunaldien arteko transmisioa eta -Praktika onen katalogoa)

Esan dezagun baita ere, Mundu-Batzar arteko eskualde-bilerei dagokienez, iaz egin zela Europa eta Asiako euskal etxeei dagokiena, Parisen, bere unean EuskalKultura.com-ek egoki azaldu zuenez. Ipar Ameriketako honakoa egin ondoren, Hego Ameriketakoa bakarrik geldituko litzateke datorren Mundu-Batzarraren aurretik egiteko, eta horrek ere baluke dagoeneko data ezarria, datorren azaroko lehenengo asterako baitago programatuta, FEVAk eta euskal-argentinar gizataldeek Mar del Platan egingo duten Euskal Astearekin batera.

San Frantziskoko programara itzulita, bigarren bilera NABOren negukoa izango da, larunbat goizean, eta bertan NABOko parte diren euskal etxe estatubatuar eta kanadatarrek hartuko dute parte, eguneko gaia bestelakoa izanik. Saint Pierre eta Miquelongo Euskal Etxea lehenengo aldiz etorriko da bilera honetara ere.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia