San Frantziko, AEB. Asteburu bete samarra izango dute honakoa San Frantziskoko Gure Euskal Etxearen egoitza zabal eta dotorean, eraikina --eta honekin aro berri bat-- estreinatu zeneko 40. urteurrena ospatuko baitute. Auzolanean eraikia, arrakasta ederra eta aurrepauso polita izan zen 1982an euskal komunitate sanfrantziskoar eta kaliforniatarrarentzat. Proiektuak kantxa eta jatetxea uztartu zituen, eta denborarekin sendotu eta baieztatu egin da Euskal Etxea sustatu ahal izateko kultura zein ekonomia aldetik konbinazio interesgarri bezala.
NABO bilkura larunbatean
Larunbatean goizeko 8etan hasiko da eraikineko goiko aretoan, eta NABOko AEB, Kanada eta St Pierre eta Mikeluneko Euskal Etxeen delegatuak daude deituta, baita zenbait gonbidatu ere. Horietarik batzuk fisikoki, bertatik bertara, mintzatu eta hartuko dute parte, eta beste batzuk Zoom bidez egingo dute, COVID-19a dela medio. Berez, Gure Euskal Etxearen 40. urteurreneko besta eta jai-programa arratsaldean hasiko da, Euskal Zinemarekin, 15:00etatik aurrera Basker (1963), Topeka (2002) y Ama (2018) filmak pantailaratuko baititu Basque Educational Organization-ek (BEO).
Ordubete beranduago, 16:00etan, kantxan, pilota partidak hasiko dira, lehenik Joko Garbi erakustaldia Ipar Euskal Herritik etorritako jokalariekin --Pantxo Lissar, Antton Pribat, Jean Philippe Pribat, Eneko Sarratia, Eric Migueltorena eta Roger Aguerre--, bostetan Euskadiko Federazioko pilotariek esku huskarekin segitzeko, Aitor Elizegi, David Landa, Beñat Azketa eta Joseba Aldaverekin, Ander Martin prestatzaile. 18:00etatik aurrera, aperitifa, Jean Flesher buru duen Amerikanuak banda musikarekin. Eta gauez txuleta afaria, eguna Amerikanuak-en erritmo eta dantza euskal-amerikarra lagun bururatzeko.
Bizi Emankorra Omenaldia
Igandean, euskal mezarekin hasiko da eguna, 10etan, aita Renee Iturbe eta aita Mike Lastiri emaile..Meza edertzen, San Frantziskoko Zazpiak Bat taldeko dantzariak, Elgarrekin korala eta Klika. Segidan, tokiko Bizi Emankorra Saria emanen zaie Ester Bidaurreta, Christine Elicaray, Tony Espinal [birraitatxi egin berria], Jean Pierre Cabalette eta Pierre Labat-eri [Zorionak!]. Eguerdian, aperitifa, Amerikanuak banda girotzen. Ardiki bazkariaren ondotik, pilota partidak, joko garbiko eta esku huskako saioekin.
Ohiturari jarraiki, eguna 'moxkor salda' (baratxuri zopa) ederrarekin bururatuko da.
Zorionak San Frantziskoko lagunei, etxe hau sortu eta biziarazi dutenei; elkarretaratze hau 40 urtez, egunez egun gerta ahalarazi dutenei, eta urteotan euskal kulturaren sua elikatu duten guztiei, euskaldunak indarrak bilduta baikara gure kulturaren taupada eta geroa. Mila esker handi bat, eta asteburu ederra pasa!