euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

San Frantzisko eta Gardnerville ondoren, asteburu honetan Chinoko euskal festan kantatuko du Menditarrak-ek

2016/09/01

Menditarrak-eko kideak kantuz modu herrikoian joan den asteburuan San Frantziskoko Gure Euskal Etxearen kantinan (argazkia JLB)
Menditarrak-eko kideak kantuz modu herrikoian joan den asteburuan San Frantziskoko Gure Euskal Etxearen kantinan (argazkia JLB)

PUBLIZITATEA

Joan den asteburuan San Frantziskoko Gure Euskal Etxean aritu ondoren eta azkeneko astearte honetan Nevadako Gardnervilleko JT Basque ostatuan emanaldi ederra eskaini ondoren, prest dago Menditarrak kantari talde baxenabartarra datorren asteburuan Chinoko piknikean kantatzeko. Hori eta gero, datorren astean, Bakersfield-eko Wool Growers euskal jatetxean kantatzea geratzen zaie Euskal Herrira itzuli bidean jartzeko.

Chino, AEB.  Iragan astean hasi zuen Menditarrak kantari talde baxenafartarrak Kaliforniako itzulia. Zazpi kide etorri dira, Bankako Daniel Sorhondo, Roger Ourthiague, Dominique Gascue, eta Frantxoa eta Jeannot Juanicotena anaiak; eta Aldudetik Panpi Luro, eskusoinuan, eta Guy Saldubehere, gitarrean eta kantuz. 

Pasa den asteburuan San Frantziskoko Gure Euskal Etxeko lagunak bisitatu zituzten eta larunbat eta igandez ohi duten gisan ibili ziren, euskal etxeko bestara bildu zirenak loriatzen euskal kantuak elkarrekin kantatzen. Izan ere, Menditarrak taldearen ezaugarrietarik bat da, noiz hasten diren badakizula, baina ez noiz arte segituko duten kantuz, lagunekin gustuan ari direlarik ordu guziak labur geratzen baitzaizkie.

Birako bisita eta kantaldi gehienak Kalifornian dituzte, baina hartu dute baita ere Gardnervilleko Lekumberrytarren gonbiteari baiezkoa emateko modua. Aste honetako asteartean bisitatu dute arraza ortzaiztarreko Lekumberrytarren euskal ostatua eta emanaldia eskaini dute, hamaika jende bildurik, apairu eder baten inguruan. Loriatuko zen Jean Lekumberry zaharra halako giro bikaina ikusirik bere ostatuan, kantuz euskal artzainen molde xaharrean!

Eta Nevadatik itzulia gibelera Kaliforniara. Helduden asteburuan, Chinoko euskaldun piknika hartu dute helburu, lehenik lagun batzuek etxean agurtuz, larunbatean Euskal Etxeko afari herrikoian kantuz eta piknik egunean, igandean, meza garaian goizean --aita Altuna azpeitiarra meza-emaile-- eta egunean zehar han eta hemen kantuz festa edertuz.

Azkeneko geltokia, Euskal Herrira abiatu aitzin, Bakersfield izango dute, Mayie Maitia baigorriarraren Woolgrowers ostatuan. Hori ostiralean, irailaren 8an izango dute.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia