euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

San Franciscoko euskaldunek besta eta boz giroan banatu zituzten lehenengo 'Claude Berhouet Lagun Ona' Sariak

2007/06/09

Ezkerretik: Christian Iribarren SFBC lehendakaria; Jean Gorostiague, ohorezko lehendakaria, Alphonse Acheritogaray, Bernadette Iribarren, Pierro Etcharren eta Jean Belleau (arg. P. Acheritogaray)
Ezkerretik: Christian Iribarren SFBC lehendakaria; Jean Gorostiague, ohorezko lehendakaria, Alphonse Acheritogaray, Bernadette Iribarren, Pierro Etcharren eta Jean Belleau (arg. P. Acheritogaray)

PUBLIZITATEA

San Franciscoko (Kalifornia, AEB) euskaldunek urteroko piknikaren besta eta boz giroan banatu zituzten joan den igandean bertako Basque Club-ek sortu eta aurten lehenengoz banatu diren 'Claude Berhouet Lagun Ona' Sariak. Sari-emate ekitaldia Petaluman gauzatu zen, Euskal Etxeko lehendakari Christian Iribarren eta ohorezko lehendakari Jean Gorostiague buru zirela. Omenduak, EuskalKultura.com-ek aurreratu zuenez, Alphonse Acheritogaray, Jean Belleau, Pierro Etcharren, Jean-Leon Iribarren, Jeanne Mazeris eta aita Martxel Tillous izan ziren. Igandeko hitzorduko musika-itxiera Euskal Herritik heldutako Luhartz talde durangarrak ipini zuen.
Komunitateak ez dira beti oroitzen askotan isilik eta azantza edo zarata handirik sortu gabe amankomunaren alde lan egin duten jendeekin. Horrek izan ere adierazi ohi du komunitate baten heldutasuna edo handitasuna: eskerrak emateko gauza izatea eta jendaurrean adieraztea esker ona guztion alde lan egin dutenei, are gehiago inondik inora eskerrik hartzea espero ez zutenei bada, hamaika lan egin arren mereximendurik ez dutela pentsatzen dutenei bada. Ardura --sarritan, maiz-- eskerrak emateak bi aldeak ohoratzen ditu, esker emailea eta esker hartzailea.

[Luhartz --Etor, Aintzane eta Rafa-- taldea Petalumako bestaldian]

Kasu honetan, sari emateak euskara eta ingelesa nahasi zituen, izenean bertan ere, 'Claude Berhouet Lagun Ona Award' ipintzen baitzuen partekatu ziren plaketako bakoitzean. Bertan ziren Alphonse Acheritogaray, Bernadette Iribarren --bere senar Jean-Leon-en izenean, jakina baita bankar langile eta alai hura 1992an zendu zela-- Pierro Etcharren, Jean Belleau eta aita Martxel Tillous, azken hau meza ematera bildua, ez saria hartzera, sariak ez baititu arras gogoko. Jeanne Mazerisek ez zuen etortzerik izan.

Eguna biribiltzeko eta piknikeko ohiko osagaiez gain, sorpresarako beta ere izan zen, Euskal Herritik jinik atzo, gaur eta bihar Winnemuccako NABO Biltzar eta Jaialdian arituko den Luhartz talde durangarrak emanaldia eskaini baitzuen Petaluman. Harrera ezinhobea bildu zuten, saldu zituzten CD ugariak horren lekuko.


Lotura interesgarriak

San Franciscoko euskal erakundeak
www.sfbasque.org

Lehenengo 'Claude Sorhouet Lagun Ona' Sariak
BasqueHeritage.com-en argitara emana 2007ko ekainaren 2an

NABOk bere urteko Biltzar Nagusia egingo atzotik etziraino
BasqueHeritage.com-en argitara emana 2007ko maiatzaren 31ean

Luhartz talde durangarra
www.luhartz.com


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia