euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

San Francisco, Los Angeles, Las Vegas eta NYeko euskal komunitateetatik pasatuko da datozen egunetan 'Txipli, Txapla, Pum'

2022/06/28

'Txipli, txapla, pum': Endika Basaguren eta Amaia Hormaetxea uztailaren 11eraino geldituko dira AEBn materiala biltzen
'Txipli, txapla, pum': Endika Basaguren eta Amaia Hormaetxea uztailaren 11eraino geldituko dira AEBn materiala biltzen

PUBLIZITATEA

New York, AEB. Bizkaitik bidaiatu ondoren, Estatu Batuetan dira 'Txipli, Txapla, Pum Amerikatik' taldeko Endika Basaguren eta Amaia Hormaetxea kideak, joan den asteburuan hasi eta uztailaren 11ra arte, San Frantziskon, Los Angelesen, Las Vegasen eta New Yorken barrena luzatuko den osteran, bertako euskal etxe eta kolektibitateetako kideekin solastu eta elkar-eragiteko, materiala biltzearren esku artean daukaten proiektu artistiko eta kulturalarerako, islatze arren nola bizi eta lantzen duten euskal kultura Euskal Herritik hain urrun bizi diren Diasporako euskal herritarrek.

Endika Basaguren eta Amaia Hormaetxea bikoteak belaunaldi ezberdinetako euskal-amerikarrekin elkarrizketatzeko asmoa dute, eta "dokumental generoko, bideo performance bateko eta zinema esperimentaleko elementuak bilduko dituen lan bat" ekoiztea dute batetik helburu, horretarako materiala osagaiak biltzea. Gogoeta sustatu nahi dute ikusiz "mundu globalizatu honetan euskal kultura bizirik eta aktiboki agertzen dela, mugak gaindituz", Endika Basagurenek EuskalKultura.eus-i azaldu dionez,

Bidaia osoan zehar hainbat performance bideratuko dituzte, eta grabagai hartuko dituzte Kaliforniako euskal piknik batetik, euskal dantza saio batera, bertako euskal emanaldiak, New Yorken komiki euskal-amerikar baten aurkezpena, San Fermin festa Wall Streeten edo Madalenak Hudson ibai bokalean bezalako ospakizunak, historiari, orainari eta geroari keinuak eginez, hori guztia ikusentzunezko emaitza udazkenean Bilboko Euskal Museoan aurkeztea xede, baita ere, hala nahiko lukete, atzera AEBko euskal komunitateetan ere.


Txipli, txapla, pum proiektua Ipar Ameriketan dabil grabatzen

Endika Basaguren eta Amaia Hormaetxea bikotearekin, proiektuan lankide da, baina AEBra bidaiatu gabe, Ander Basaguren argazkilaria, Endikaren anaia, egitasmoko hirugarren oina. Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren sostengua dute, eta kolaboratzaile dira baita ere Ipar Amerikako hainbat pertsona eta erakunde, bidaian honetan harrera egiten eta konexio eta lokarri lana eginez hiru asteotako egitarau eta kronograma ahalik eta eraginkorren atera dadin.

Deialdi publikoak egin dituzte, esaterako, jendea bertara dadin, uztailaren 7an, New Yorkeko Wall Street-era, zezenaren estatuaren ondoan (deialdia hemen) edo uztailaren 9an, Brooklynen, New Yorkeko Eusko Etxean, hirian finkatuta dagoen Gillermo Zubiaga euskal ilustratzaileak orduan aurkeztuko baitu 'Joanes baleazalea' sagako bosgarren liburukia (ikus hemen). Inguruan bazabiltza, zergatik ez gerturatu?

Argibide gehiago nahi izatekotan edo besterik gabe zeure agurra bidali nahi izatekotan idatzi hona: endikabasaguren@hotmail.com.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia