euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

San Francisco, Laprida, Villegas, Río Cuarto, La Plata... munduko euskal etxeek Gernikako bonbardaketa gomutagai

2007/04/17

Gernikako irudi bat bonbardaketa ondoren
Gernikako irudi bat bonbardaketa ondoren

PUBLIZITATEA

Datorren apirilaren 26ean 1937ko bonbardaketa gogoratuko dute Gernikan, 70 urteurrena betetzean. Munduko herrialde desberdinetatik euskal etxe asko batuko zaizkio urteurrenari. Horietariko batzuk, Lapridako Arturo Campion Zentrua eta Villegasko Euskal Etxea bezala, hasiak dira jada ekitaldiekin eta beste batzuk, San Frantziskoko Basque Cultural Center-a kasu, gaur bertan hasiko dira. Baina gehiago dira, hala nola, Río Cuarto, La Plata, eta datozen egunotan informazioa hain segur bidaliko diguten beste hainbat. Gehienek apirilaren 26aren inguruan egingo dituzte ekitaldiak.
Munduko euskal etxe asko lanean ari dira jada Gernikako bonbardaketaren 70. urteurreneko ekitaldiak antolatzen. Ekitaldiak desberdinak izango dira, euskal etxe bakoitzaren ahalmenen arabera, baina Euskal Herriko historiako pasarte latz eta esanguraz beterikoa gogoratzeko asmo sendoarekin. EuskalKultura.com-en aipatu ditugu horietariko batzuk, adibidez Lapridako Euskal Etxean sortutako Arturo Campion Ikasketa Zentroak eta Chacoko Komunikabideen Museoak antolatutakoa: joan den apirilaren 6an hasi zen erakusketa eta euskal zinema ziklo mardula, Resistencia hirian.

Argentinan baita ere, General Villegas herriko Villegas'ko Euskaldunak Euskal Etxeak joan den ostiralean egin zuen bere 'Gernikako bonbardaketaren 70. urteurrena' programaren lehen aurkezpena. Herriko María Inmaculada eskolako 60 bat ikasleek parte hartu zuten eta euskal etxeko kideek Gernikako historia eta gertaera honek guda eta biolentziaren aurkako mugimenduan duen esangura azaldu zuten. Ekimenak biolentziaren ondoriei buruz hausnarketa egiteko gonbitea luzatu zien ikasleei.

Hitzaldiaz gain ikasleek 'La guerra' izenburudun laburmetraia ikusi ahal izan zuten, Luiso Bermejo eta Jorge C. Doradok zuzendua 2005ean. Laburmetraia honek 1937an Gernikan gertatutakoa kontatzen du, bonbardaketatik ihesi doan neskatila gazte bati jarraituz. Ekitaldiari bukaera emateko Luis Iriondok, bonbardaketaren lekuko batek, idatzitako gutun bat irakurri zuten. [Ezkerreko irudian Nieves Castillo eta Patricia Bargero euskal etxeko kideak ikasleekin hizketan ekitaldian (argazkia General VillegasEE)]

Gaur hasiko dira San Frantziskon

Ekitaldi programa mardula prestatu duen beste euskal etxea San Frantziskoko Basque Cultural Center da, AEBtan. Gaur bertan hasiko dira zentru kaliforniar honetan ekitaldiak, 'The Mark of Man' dokumentalaren emanaldiarekin. Ondotik Pedro Oiarzabalek mahaingurua gidatuko du. Ostegunean bonbardaketan izan zirenen testigantzak jasotzen dituen film hau ikusteko bigarren aukera bat izango da.

Igandean Gloria Totoricagüenak, Nevadako Center for Basque Studieseko zuzendari eta aldi berean gernikarren alaba denak, mintzaldia emango du egun horretako gertaerak eta nazioartean izan duten oihartzuna azalduz. Ekitaldi nagusiak urteurren egunean bertan izango dira, apirilaren 26ean: haritz handi bat landatuko dute South San Francisco-ko Orange Park-en eta ondotik meza emango du euskaraz aita Martxel Tillousek.

Dokumentala Rio Cuarton; haritza La Platan

Argentinako Rio Cuarton ere ekitaldi nagusiak hilaren 26ean izango da. Gure Ametza (sic) euskal etxeko kideak Rio Cuartoko plaza nagusian bilduko dira, Euskak Etxearen sorreran landatu zen haritzaren inguruan. Gure Ametzako lehendakari Omar Lope de Alda eta Omar Isaguirre historialariak hitz batzuk egingo dituzte ekitaldian. Egunari bukaera emateko 'Gernika, el Espiritu del árbol' dokumentala izango da ikusgai euskal etxearen egoitzan. [Eskubiko irudian Gure Ametzak aurkeztu duen ekitaldien afitxea]

La Platako Euzko Etxea izango da urteurrenera bilduko den azkenetakoa, apirilaren 28 hiriko Bakearen Lorategian egingo duten ekitaldiarekin. Argentina eta Euskal Herriko hereserkiak abestuko ditu elkarteko koruak eta ondotik aurresku bat dantzatuko da. Ekitaldian haritz bat landatu eta oroitzapen plaka bat desestaliko dute. Egunari bukaera emateko lagunarteko afaria egingo da Euzko Etxean, Aberri Eguna ere ospatuz.


Lotura interesgarriak

Gernikako bonbardaketari buruzko informazio gehiago
Wikipedian

Gernika Gogoratuz, Bakerako Ikerketa Zentroa
www.gernikagogoratuz.org

Arturo Campion Zentruaren Gernikaren 70. urteurreneko ekitaldiak
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko martxoaren 23an

Haritz landatuko dute SFn Gernika gogoratuz
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko martxoaren 21ean



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia