euskal diaspora eta kultura
2008/07/11
PUBLIZITATEA
Iruñea-Pamplona. XIX. mende amaieran hasi ziren eta geroztik, urtez urte, Buenos Aireseko nafar-argentinarrek txupinazoa bota eta “Gora San Fermin” oihukatu izan dute. Aurten ospakizun tradizional hau uztailaren 9an egin delarik --Argentinaren independentzia egunean hain zuzen--, “Gora Argentina” ere entzun ahal izan da. Hiriburuko Nafar Etxean eratutako ehun eta laurogei lagunentzako banketean, bazkide eta etxeko lagunek arretaz entzun zituzten elkarteko Crisanto Ayanz lehendakariaren hitz hunkigarriak: “Urtean zehar bakean gogor lan egiten duen herri honek, zazpi egun hauetan askatu egiten du bere alaitasuna, bere abesti, musika eta dantza tipikoekin”.
Buenos Aireseko Nafar Etxeko ospakizunak uztailearen 4an hasi ziren, “Canasta” txapelketarekin. Horren ostean, 5ean, paleta eta mus txapelketa antolatu zituzten, batetik, eta bestetik, etxeko mutiko eta neskek, “Gazteen Sanferminetan” parte hartu zuten. Igande goizean, berriz, Estomba 466 kaleko San Fermin Parrokian, santuaren omenezko meza eskaini zen.
Joan den asteartean, 9an beraz, etxeko areto nagusian ehun eta laurogei lagun elkartu ziren San Fermin Banketeaz gozatzeko. “Urtean zehar bakean gogor lan egiten duen herri honek, zazpi egun hauetan askatu egiten du bere alaitasuna, bere abesti, musika eta dantza tipikoekin. Horrela, Arga ibaiak inguratzen duen hiri hori aldatu egiten da, Iruñeko lehenengo Apezpikua omentzeko”. Hitz hauekin laburtu zuen Nafar etxeko lehendakariak, Crisanto Ayanzek, jaiaren esanahia, gonbidatuei ongi etorria emanez. Bazkari partean, txapelketetako sariak banatu ziren eta dantza taldeak ikuskizuna oparitu zien bertaratutakoei
Buruhandiak General Rocan
Argentinan jarraituz, baina Rio Negro probintzian, General Rocako Gure Etxea elkartekoek herriko kaleetara atera zuten jaia, San Ferminen ohorean egin zuten prozesioarekin, uztailaren 4ean. Ekitaldiak elizkizun batekin hasi ziren Karmengo Amaren Katedralean eta ondoren txupinazoa egin zuten, herritarrak festara deituz. Kalejira egin zuten herriko kaleetan barrena, buruhandi eta dantzariak lagun, Monumento de la Manzana deritzon lekura heldu harte. Ekitaldiek segida hartu zuten larunbatean, herritar ugari bildu zituen urteroko paelladarekin. La Platako Osasuna Otxoteak kantaldia eskaini zuen bazkalostean.
[San Ferminen ohorezko desfilea, buruhandi konpartsarekin batera, Argentinako General Rocan]
Jai handia Txileko Nafar Etxean eta deialdi arrakastatsua Australian
Arrakasta handia izan zuen beste jai bat Txileko Santiagoko Nafar Etxeak egin zuen izan zen. Bertan ia 160 lagun bildu ziren, Las Condeseko Estadio Español gunean egin zen bazkarian. Giro aparta sortu zen eta bertaratu ziren gehienek usadioak agintzen duen zapi gorria jantzirik hartu zuten parte. Aita José Goyenak eman zuen San Fermin ohoratzeko meza eta elkarteko dantzariek dantza erakustaldia eskaini zuten. Argazkiak eta bideoak ikusteko, Nafar Etxearen webgunetik egin daiteke: centronavarrodechile.org.
Munduaren beste muturrean, Australiako Sydney hirian, Gure Txoko euskal etxeko kideek ere egun ederraz gozatzeko aukera izan zuten, lagun asko bildu zituen hitzorduan. ‘Inoiz baino jende gehiago agertu da’, adierazi diote EuskalKultura.com-i elkarteko arduradunek. 'Jendeak lehen solairuko aretoa bete zuen, eta baita bigarren solairukoa eta frontoia ere'. Bazkaria Mirenek, Pilarrek eta Carlosek prestatu zuten: zopa, ajoarriero eta haragia perretxiku saltsan. Eguneko argazkiak Gure Txokoren webgunean daude ikusgai: www.guretxoko.com.au.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus