euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sanferminetako argazki eta bideo gehiago: General Roca, Coronel Pringles, Olavarria, Txileko Santiago...

2011/07/26

Txileko Santiagoko Nafar Etxeko dantzariek erraldoien laguntza izan zuten taulagainean (argazkia SantiagoNE)
Txileko Santiagoko Nafar Etxeko dantzariek erraldoien laguntza izan zuten taulagainean (argazkia SantiagoNE)

PUBLIZITATEA

San Fermin jaiak bukatu ostean, munduan zehar egin diren ekitaldien berri hartzen ari gara gu oraindik ere, eta oraingoan Argentinatik eta Txiletik heldu zaizkigu argazki eta bideo sortak. San Fermin zale asko dago munduan eta uztailean zehar egin diren ekitaldi eta jai guztien berri emateko artikulu bat baino gehiago behar izan ohi dugu. Zenbait kexu izan zarete, zuen euskal etxeko berririk ez dugulako argitaratu: Tira, apurka apurka, badatoz eta, bitartean, argazki gehiago bidaltzen jarraitzeko gonbitea egiten dizuegu munduko euskaldunei.

Donostia-San Sebastián. Argentinatik San Fermin jai goiztiar baten berri heldu zaigu: General Rocako Euskal Etxearen jaia, uztailaren 2an egin zena. Euskal elkarteak 250 bat lagun bildu zituen, eta haientzako guztientzako lekua izateko Asociación Española elkartearen egoitzan egin zuten afaria. Menua honakoa izan zen: ongi etorri ardoa, euskal pintxoak, paella eta postrea.

Afalostean ikuskizunaren ordua heldu zen eta elkarteko dantzari txikiek eta gazteek dantza erakustaldia egin zuten. Gero bilbainada kantaldia eskaini zuen "Montxoren taldeak", Ramon Aranzabalek eta lagunek osatzen duten taldeak. Aipagarria da bazkide batek ardo fin sorta oparitu zuela, elkarteak gaualdian zozketatzeko.

 gral roca sf 2011

[General Rocako euskal etxearen afariak lagun asko bildu zituen (argazkia GralRocaEE)]

Bi egun Coronel Pringles-en

Argentinako beste jai bat Coronel Pringleseko euskal etxearena izan zen. Hemen, bi egun desberdinetan egin ziren ekitaldiak. Lehengoa uztailaren 9an, larunbatean, izan zen eta elkarteak "Chocolateada y algo más..." delako jaia egin zuen: txokolate askaria egin zuten euskal etxea, umeentzako musika eta jokoekin.

Bigarren eguna uztailaren 17an izan zen, igandean. Ikurriñaren 117. urteurrena ospatu zuen elkarteak, eta San Fermin jaien bukaera ospatzeko meza elizkizuna egin zuen auzoko parrokian. Elkarteko txikiak izan ziren elizkizunaren protagonista, mezan pasarte batzuk irakurri eta ondoren dantza erakustaldia egin zutelako. Arku dantza eta Kalejira dantzatu zituzten. Eusko Alaia abesbatzak mezan kantaldia eskaini zuen.

coronel pringles san fermin 2011

[Coronel Pringles-eko dantzari txikien Arku dantza (bideoa ikusteko, jo hona)]

Olavarriako lehen urteurrena

Argentinarekin jarraituz, Olavarriako Euskal Etxeak giro berezian ospatu zuen San Fermin jaia, elkartearen normalizazio instituzionalaren lehen urteurrenarekin batera egin baitzuen. Bazkaria antolatu zuen Gure Etxe Maiteak eta ehun bat lagun inguru bildu ziren ekitaldira. Tartean Lapridako Euskal Etxeko ordezkaritza bat ere izan zen: Elsa Eyherabide, Carlos Eyherabide eta Maria Ester Arrondo, Eusko Txokoa liburutegiko arduraduna (eta jaiaren berri bidali diguna). 

Bazkalostean elkarteko arduradunek hainbat lekutatik jasotako zorion agurrak irakurri zituzten: Brasil, Chascomús, Euskadiren ordezkaritza, Ayacucho, FEVA eta Lapridatik. Ondoren, Gure Etxe Maitea-ko presidenteak, María Susana Mendizabalek, elkarteak bigarren sorrera honetan egin duen bidearen berri eman zuen. Bukatzeko Ester Arrondok oparia egin zion Olavarriako elkarteari, euskal etxea Lapridakoaren 'amabitxia' dela gogora ekarriz. Gero "dantza, fandangoa, eta 'Uno de enero, dos de febrero...' abestia etorri ziren...", amaitzen du Arrondok.

 olavarria san fermin 2011

[Ezkerretik eskubira, Elsa Eyherabide (Laprida); Marisu Mendizabal, Olavarriako EEko presidentea; María Ester Arrondo eta Carlos Eyherabide (Laprida) (argazkia EArrondo)]

Santiago eta Buenos Aires

Eta azkenik, bi nafar etxetako jaien berri dakarkigu. Txilen, bazkaria egin zuen Santiagoko Nafar Etxeak Estadio Español elkartearen egoitzan. Nafar etxeko dantza taldeak erakustaldia eskaini zuen eta elkartearen Facebook orrian ikusgai jarri dituzte zenbait bideo, adibidez, hau.  

santiago nafar etxea san fermin 2011 2

[Santiagoko Nafar Etxeko dantzariak Makil Dantza egiten (argazkia CBSantiago)]

Eta Argentinan, Buenos Aireseko Nafar Etxeak hiriburuko kaleak hartu zituen bere ospakizunarekin:



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia