euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

San Juan suak piztuko dira gaurtik etziraino munduko euskal etxeetan Argentinan, Mexikon, Venezuelan...

2011/06/24

Chivilcoyko Euskal Etxeko San Juan Panpina, azken ukituen zain (argazkia ChivilcoyEE)
Chivilcoyko Euskal Etxeko San Juan Panpina, azken ukituen zain (argazkia ChivilcoyEE)

PUBLIZITATEA

Munduko euskal etxe asko eta asko ari dira atzotik hasita San Juan suak prestatzen eta asteburuan zehar egingo dituzte bereziki jaiak, ahalik eta bazkide gehien biltzeko, nahiz eta jaia berez bart izan zen. Santu baten izenekoa izanik ere, jentil jatorria du jaiak eta solstizioak markatzen duen ziklo berria ospatzen du. Munduko euskaldunen artean jarraitzaile asko ditu tradizio honek: batzuk sorginez mozorrotuko dira; beste zenbaitzuk sugarren gainetik salto eginez aro berriari zorte ona ekar dezan eskatuko diote. Madrilgo Euskal Etxean horrela egin zuten atzo bertan; Chivilcoy-n, Buenos Airesen, Caracasen, Mexikon... suak gaurtik igandera bitartean piztuko dira.

Donostia-San Sebastian. Euskal Herriko auzo eta plazetan milaka su piztu ziren bart, San Juan gaua ospatzeko. Tradizioak dioen bezala lagun askok egin zuten jauzi --"hiru aldiz, gutxienez..."-- sugarren gainetik eta aro berrirako zorte ona eskatu zuten. Beste batzuk, paper batean guraria idatzi eta sutara bota zuten, sasoi honetan bete dadin eskatzeko. Euskal Herrian txingarrak apalduak diren bitartean, munduan zehar zenbait euskal etxek datozen egunetan egingo dituzte euren San Juan Suak.

Madrileko Euskal Etxea izan zen jaia atzo --San Juan egunaren bezperan-- ospatu zuen bakarretakoa. Ohi duten gisa, Madrilgo euskaldunak Gipuzkoa jatetxera bildu ziren eta bertan egin zuten sutzarra.

Mexikotik Caracasera

Mexiko DFko Euskal Etxeak, berriz, gaur ospatuko du jaia eta arratsaldeko zazpietan jarri du hitzordua elkartearen egoitzan. Urtero legez sua frontoian piztuko dute eta elkarteko bazkide eta lagunei bertaratzeko gonbitea egin diete, sugarren beroan "vibra" txarrak desagertarazteko.

Caracaseko Eusko Etxean ere gaur egingo dute jaia. Nagusi zein gaztetxoak lan eta lan ari dira ahalik eta su handiena prestatzen, hain esanetan "tradizioak dioenez suak eguzkiari indar gehiago" emango baitio. "Eta bukaeran suaren gainetik jauzi egingo dugu, eragin txarrak uxatzeko", iragarri dute antolatzaileek. Gazteei gonbite ederra egin diete gainera, "urteko apunteak ekarri eta sutara botatzeko" proposatuz. Marketing honekin jaiak gazte asko bilduko dituela zalantzarik ez.

Sorgin gaua Buenos Airesen

Buenos Airesen aldiz, Iparraldeko Euskal Etxeak bihar egingo du urteko jairik sonatuenetakoa: Sorgin Gaua. Hitzordua gaueko bederatzietarako egina dago Moreno 1370ko egoitzan, urteroko Sorgin Afariarekin. Menua honakoa izango da: pintxoak, babarrun jana, ardoa, garagardoa, kalimotxoa eta edari freskagarriak. Postreekin batera zozketak egingo dituzte eta ondoren sorginek araoa egin eta gauerdiko zurrakapotea zerbitzatuko dute. Jairen bigarren partean jolasak eta euskal dantza tailer bat egingo dituzte. Gonbidatuei beltzez jantzita eta sorginen kapela eta erratzarekin mozorrotuta etortzeko eskatu diete antolatzaileek.

Panpina sutara Chivilcoy-n

Chivilcoy-n, Argentinan, jaia igandean dute, aurreko deialdia eguraldi txarra dela eta bertan behera gelditu ondoren. Azken urteotan urtero legez Euskal Etxekoek panpina erraldoia prestatu dute eta Guernica plazan egingo duten sutzarrean erreko dute, Sorginarekin batera. Chivolcoyko jaiak euskal giroa gainditu du eta gaur egun herri osoa biltzen duen besta bilakatu da. Aurten, adibidez, udalak su artifizialak botako ditu jaiari bukaera emateko.

Chivilcoy Panpina egiten

[Chivilcoyko Euskal Etxeko dantzari txikiak Panpina osatzen lagundu dute (argazkia ChivilcoyEE)]

Ospakizunak 14:30tan hasiko dira, euskal etxean egingo den dantza erakustaldiarekin. Parte hartzaileak honakoak izango dira: euskal elkarteko dantza taldea, 30 dantzarirekin; Idaf talde folklorikoa, Andrea Ruggiero irakaslearen taldea eta Ezequiel Torresek zuzentzen duen Che Tango taldea. Arratsaldean txokolate eta txoripan askaria zerbitzatuko da eta ilunabarrean, eguneko argia itzaltzen hasi ahala, sua piztuko dute, eguneko unerik garrantzitsuenaz gozatzeko: San Juan panpina eta Sorgina erretzeko!



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia