euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Samina San Juanen eta komunitate euskal argentinarrean Eusko Etxeko arima zen Ofelia Larrearen heriotzagatik

2018/02/26

Ofelia Larrearen erretratua  txuri-beltzean, Eusko Etxeko lagunen inspirazio, 2018ko San Juango Eguzkiaren Jaian
Ofelia Larrearen erretratua txuri-beltzean, Eusko Etxeko lagunen inspirazio, 2018ko San Juango Eguzkiaren Jaian

PUBLIZITATEA

Urtero bezala, Eguzkiaren Festan hartu du parte 2018 honetan ere San Juango Euskal Etxeak, izen bereko probintzia argentinarrean. Hala ere, eta ekimena arrakastatsua izan bada ere, giro goibela gailendu da bertako euskal txokoan, otsailaren 20an, Festaren inaugurazio egunean, hiriko euskal kulturaren erreferente eta Etxeko lehendakaria zen Ofelia Larrea hil baitzen. Azokan iraun zuen egun guztietan, Eusko Etxeko kideek Ofeliaren argazki bat jarri zuten, joandako lagunaren presentzia babesle gisa, gainerako euskal sinbolo eta ezaugarrien artean.

San Juan, Argentina. San Juan probintziako Eguzkiaren Festa Nazionalaren baitan, otsailaren 20tik 23ra bitartean egin da aurten Gizataldeen Azoka San Juan hiriko Parque Mayo-n. Hamabi kolektibitatek eta beste zenbait erakundek mota askotako standak ezarri dituzte bertan eta astean zehar kultur eskaintza oparoa eskaini dutei. Eduardo Ochoaren ardurapean egon den euskal txokoan, bi kultur adierazpen izan dira nagusi: sukaldaritza eta euskal abizenak. Gastronomiari dagokionez, mota askotako pintxoak prestatu zituzten Euskal Etxeko sukaldariek eta pintxoak laguntzeko Euskal Herriko egungo jaietan zabaldua den 'euskal' edari bat: kalimotxoa.

Deituren arloan, ‘Zure abizena euskal abizena izan daiteke’ leloarekin, standera hurbiltzera eta abizenen jatorriari buruz galdetzera gonbidatu zuen Euskal Etxeak, bertako familia askok euskal abizena daukatela ez dakitela jakinik.

Eusko Etxearen lana eta euren Kolektibitateen Azokako partaidetza eskertzeko, plater oroigarri bat eskuratu zion euskal elkarteari Jaiaren batzorde antolatzaileak.

Goian bego, Ofelia

Otsailaren 20tik, beraz, egun gazi-gozoak bizi izan ditu San Juango Euskal Etxeko lagunak, batetik Azoka arrakastatsua izan delako eta, bestetik, joan den astean Ofelia Larreari azken agurra eman behar izateagatik.. Rita Ofelia Larrea de Larrea San Juan hirian zen jaioa baina haurtzaroko urte batzuk Euskal Herrian, Bizkaian, pasa zituen hara bueltatu behar izan zuelako bere aita Paulino Larreak lan kontuengatik.

Euskal Herrian zegoela, sei urte besterik ez zituela, Gernikako Bonbardaketaren lekuko izan zen. Ondotik, Argentinara itzuli zen berriro Larrea familia eta San Juanen kokatu ziren behin betiko.

Euskal legatua, ordea, ez zuten galtzen utziko larreatarrek eta 1953an euskal jatorrizko lagun batzuek, tartean Ofeliaren aitak, San Juango Eusko Etxea sortu zuten. Garai hartan Ofeliak berak irakasten zituen euskal dantzak.

Geroago, denboraren poderioz, euskal erakundearen ekintzak gutxituz joan ziren itzaltzera iritsi arte. Baina 2001ean, eta Cuyoko Unibertsitate Katolikoaren deialdi baten bitartez, Ofeliak erakundearekin harremana zeukaten lagunei deitu eta Eusko Etxea berriro abiarazi zuen.

Eusko Etxearekin batera ‘Pio Baroja’ Liburutegia ere sortu zuten; Ofelia Larreak eta Silvia Urbicain de Benek ‘Vivencias vascas’ (Euskal bizipenak) literatur lehiaketa antolatu zuten; Eusko Etxeko abesbatza osatu zen eta euskara klaseak ere hasi zituzten. Ofeliak bultzaturik, San Juango Eusko Etxeak euskara barnetegietan, Euskal Asteetan eta kultur tailerretan parte hartu izan du geroztik .

Eusko Etxeko bozeramaile den Carina Oyola Alvarezek Euskalkultura.com-i jakinarazi dionez, Ofeliak istripu bat izan eta erori egin zen eta horrek fisura bat sortu zion saihets-hezur batean. Ondorioz azken hilabeteotan bere osasuna oso azkar gainbeheratu zen.

Ofelia Larrea joan den otsailaren 20an hil zen, 87 urterekin, San Juan hirian.

-Hona bere heriotz-oharra
-Hona bere familiaz San Juango "San Juan al Mundo" agerkariak agertutako artikulua


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia