Joseba Etxarri. Batek baino gehiagok ezagutuko du, urtero parte hartzen baitu Durangoko Azokan Eliza Ebanjelikoak euskaraz dauzkan testu, bideo, liburu eta materialak erakusteko ipini ohi duen stand-ean. Oklahomako Tulsan jaioa, Mexikon, Kalifornian, Texasen, Costa Rican, Espainian eta Euskal Herrian bizi izan da eta, gaur egun, Idahon. Fedeak gidatzen du bere bizitza, eta hala izan da 17 urte zituela bapatean "Jauna ezagutzera" iritsi zenetik, "ordura arte Jainkoari ihesean ibili ondoren". Poliki egiten du berba eta hizketa xuabe eta bareko pertsona da. Aurtengo Durangoko Azokara abiatzen denerako prest izan nahiko luke Markosen Ebanjelioari egin dion euskarazko bertsioa; gogoko plana ere badu, alaba Karisekin, 27 urte, etorri nahiko luke-eta. 1995etik 2001era Gipuzkoako Anoeta herrian bizi izan ziren familia osoa, senar-emazteak eta hiru seme-alabak, haurrak bertako ikastolara joanik.
Ebanjelikoa zara, misiolari ebanjelikoa.
-Zoritxarrez izenak eta etiketak erabili behar ditugu, beraz erabiltzen dut ebanjeliko deitura hori, baina ez dut gogoko. Nik Jesukristorengan sinesten dut, gurutzean hil zela nire bekatuengatik. Beraz, nahiago dut esatea fededuna naizela eta Jesukristo nire salbatzailea dela aitortzen dudala. Gazte nintzela muzin egiten nion fedeari eta 17 urterekin egun jakin batean Jauna ezagutzera iritsi nintzen. Unibertsitate Ebanjeliko batean Biblia aztertu eta urtebete eman nuen Mexikon misiolari. Gero, bilera ebanjeliko batean, emazte izango zena ezagutu eta 1984an ezkondu ginen. Misiolaria naiz eta eliza fisikorik gabeko artzaina naizela esaten diot jendeari. Zenbait eliza eta lagun ebanjelikok borondatezko ekarpenekin ordaintzen dute nire soldata eta seguru nago Jainkoak niretzat hautatu duen bidea segitzen ari naizela.
Bide horrek Euskal Herrira eraman zintuen.
-Mexikon, Costa Rican eta Estatu Batuetako zenbait lekutan ibili eta El Salvadorrera joateko planak neuzkan. Baina Elizako zaharrek eskutitza idatzi zidaten esanez nahiago zutela gu Euskal Herrira joatea misiolari. Hasieran ezezkoa eman genien eta, insistitu zutenean, esan genien denbora bat hartuko genuela hausnartzeko, eta bakarrik Jainkoaren borondatea hori zela sentitzen bagenuen joango ginela. Denbora pasatu zen eta urte baten buruan, otoitz egin ondoren, nire emaztearen gurasoen etxean geundela, garbi ikusi eta konturatu ginen Jainkoak gu Euskal Herrian nahi gintuela.
Espainiako Leondik pasata euskalerriratu eta Gipuzkoako Anoeta herrian bukatu zenuten.
-Bai, lehenik Espainiako Leon-en, hango gure Elizakoekin, aritu ginen. Eta ondoren iritsi ginen Euskal Herrira. Esan beharra daukat ondo bereizten ditudala Espainia eta Euskal Herria. Izan ere, senar-emazteok Euskal Herrian euskaraz matrikulatu nahi izan genituen gure haurrak; orduan sei, bost eta hiru urte zeuzkaten. Zergatik Anoeta? Tolosaldean, Anoetako Ikastolan bakarrik eskaini zizkigutelako erraztasunak gure hiru haurrak eskolatzeko. Asko maite dugu Anoetako jendea eta beti daukagu gogoan egin ziguten harrera.
Erraz ikasi zenuen euskaraz?
-Edozein hizkuntza ikasteak ahalegina dakar. Nire kasuan, grekoa, hebraiera, gaztelania eta ingelesa ikasiak nituen nituen, eta ez dizut ukatuko gaztelania baino zailagoa egin zitzaidala. Baina Euskal Herrira etorri ginen, bertakoekin bizi eta elkarbanatzera, eta uste dut zegokigun zerbait zela behar bezala integratzeko. Denborarekin bertako egin ginen. Argi ikusten dugu euskaldunek eskubidea dutela euren hizkuntzarekin aurrera egiteko. Euskaldun sentitzen gara, euskaldunak gara, eta hortik abiatuta ahalegina egiten dugu baita ere gure fedea eta gure lekukotasuna euskaldunei euskaraz eman eta partekatzen.
Zenbait materialen egile zara euskaraz. Lehen Anoetatik, orain Estatu Batuetatik.
-Euskal Herrian bizi ginenetik urtero saiatu izan gara Durangoko Azokan parte hartzen, gure ahalegina Euskal Herrian egiten diren gainerako ahalegin eta ekarpenen arteko bat gehiago dela pentsatuta. Konpromisoa daukagu euskararekin eta euskal kulturarekin. Durangon, urtero ipintzen dugu stand-a, eta bertan erakusgai eta salgai dauzkagu euskarazko materialak. Iaz Joanen Ebanjelioa argitaratu genuen euskaraz eta aurtengo azokara Markosenarekin agertu nahi nuke. Argitaratu ditugun materialen artean bi bideo daude, "Jesus, bizi beharreko istorioa", umeentzakoa, eta, beste bat, "Atzerritarrak", surflari fededunez. Beste zenbait liburuska ere, eta umeentzako liburu bat, "Nire Lehenengo Biblia Irudietan", egin ditugu.
'Bezero' onak al dituzu euskaldunak?
-Ni seguru nago Jainkoak ni lan honetan nahi nauela eta horrekin gustura nago. Baina egiari zor, nahi baino euskaldun askoz gutxiago bihurtu dira Jaunarengana. Izan ere, esango nuke, gaur egun, euskaldunak ez direla fededun edo jainkozale handiak. Estatu Batuetara itzuli ginenean, Idahora etorri ginen, euskaldun artera. Boisen, azkeneko urte hauetan, euskara irakasle izan naiz, Biotzetik euskal abesbatzako partaide, Euskal Museoko batzordeko... Euskal Etxekoa ez, bakarrik euskal odolekoak izan baitaitezke parte, edo Euskal Herritik etorritako batekin edo ondorengo batekin ezkonduta bazaude. Baina hainbat gauzatan parte hartzen dut... azken aldi honetan gaixorik egon naiz eta gauza batzuk pixkat utzi ditut, baina orain sendatu naizela berriz ari naiz. Abenduan Durangoko Azokara itzuliko naiz eta nahi duenak han topa nazake, San Markosen Ebanjelioa basapean, espero dut (barre egiten du).