Trelew, Argentina. Aktibitaterik gabeko denboraldi baten ostean –Euskal Etxeko lehendakari eta sortzaile zen Clavel Sagredoren heriotzaren ondorioz– Chubut Iparrekialdeko euskal gizataldea lanean hasia da, bertako euskal elkartea berriz ere abian jartzeko. Patagonia argentinarreko Chubut probintziako Trelew hirian egoitza duen elkarteko lagunek Zuzendaritza Batzordea berria hautatu zuten abenduan, Salvador Bonachea buru, eta geroztik Euskal Etxearen egoera legala formalizatzeko derrigorrezko izapideak ari dira egiten.
Bonacheak jakinari duenez, “helburuak euskal etorkinen ondorengoak biltzea, bazkide gehiago lortzea eta inguruko euskal etxeekin eta Euskal Herriarekin kontaktatzea da". "Kolektibitateen ekitaldietan nahi dugu parte hartu eta baita guk geuk ere geureak antolatu euskal kultura eta ohiturak bizirik mantentzeko”, adierazi dio lehendakari hautatu berriak bertako El Chubut kazetari.
Deialdia euskaldunen ondorengoei luzatuta dago eta interesatuek kontaktatu baino ez dute behar Centro Vasco del Noreste de Chubut Facebook kontuan. Gogora dezagun Chubut Iparrekialdeko Euskal Etxea 1995ean sortu zutela Trelew herrian.
2019ko abenduaren 30ean osatutako Zuzendaritza Batzordea:
-Lehendakari: Salvador Bonachea
-Lehendakariorde: Jose Alberto Eliceche
-Idazkari: Pablo Morales
-Idazkariorde: Ruben Angel Lorenzi
-Batzordekide titularrak: Gerardo Sagredo, Jose Salvador Arrechea, Edith Terenzi, Graciela Ercoreca, Milagros Ibarbia, Irma Arroqui, Alfredo Arroyo eta Ines Fernandez Regina
-Kontu ikuskatzaileak: Marcia Fernandez eta Noemi Pilar Cornejo