euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Saltoko Euskaldunen Taldeak, Uruguain, Euskal Etxeen Nazioarteko Topaketa bat egin nahi du maiatzean

2017/02/22

Saltoko Euskaldunen Taldea Euskal Etxeko lagunek Gernikako Bonbardaketaren 80. urteurreneko ekintzekin hasiak dira
Saltoko Euskaldunen Taldea Euskal Etxeko lagunek Gernikako Bonbardaketaren 80. urteurreneko ekintzekin hasiak dira

PUBLIZITATEA

Bi helburu saiatuko da betetzen aurten Saltoko Euskal Etxea: Euskal Etxeen Nazioarteko Topaketa erregional bat egitea, Uruguai, Argentina, Brasil, Paraguai eta Txileko partaideekin; eta Harriague Upeltegia Kulturgunearen proiektua finkatzea. 2017ko euskara klaseak eta hitzaldien programa ere hasi ditu Euskal Etxeak, Leonat Egiazabalen eskutik. Honetaz guztiaz mintzatu zaio EuskalKultura.com-i bertako Saltoko Euskaldunen Taldea-ko lehendakari Luis Zaldua.

Salto, Uruguai. Udako oporraldia bukatuta, euskararen inguruko 2017ko lehenengo aktibiteak egiteko elkartu zituen jendeak joan den astean Saltoko Euskaldunen Taldea Euskal Etxeak. Batetik, euskara zerotik hasita ikasten hasi nahi duten herritarrei deia eginez eta baita ere euskararen ikaskuntzan dagoeneko urratsak eman dituztenei, ikasturte berriko eskolak hasi aurretik ezagutzak freskatzeko saio batean parte hartzera gonbidatuz. Bi taldeekin aritu zen Leonat Egiazabal irakasle montevideotarra, martxoan hasiko diren ikastaroei begira. Eta Saltoko egonaldia baliatuz, hitzaldi bat ere eman zuen Egiazabalek Gernikari buruz, aurten sarraskiaren 80. urteurrena betetzen dela-eta.

'Gernika. 80. Urteurrenean, beste begirada bat’ izenburupean, Gernikak pairatutako bonbardaketa beste ikuspuntutik aztertu zuen irakasleak. Saltoko Euskal Etxearen lehendakariak azaltzen duenez, “hitzaldiaren helburua gertakari historikoa ezagutaraztea izan zen". "Normalean, gure artean, jendeak ezagutzen ditu Picassoren margoa eta artelanak irudikatzen duena, Gernika bakearen sinbolo gisa. Baina Euskal Herriak jazotako erasoa ere behar da jakinarazi, euskaldunen eta euren demokrazia eta askatasunaren kontrako erasoa. Euskaldunen jarrera eta borroka nazismoaren eta frankismoaren aurka jakinarazi behar da", baitesten du.

 "2017an Bonbardaketaren 80. Urteurrena beteko denez, ekintza batzuk antolatuko ditugu Harriague Upeltegia Kulturgunean". "Oraindik baditugu gauzak zehazteko baina ziur aski Montevideoko Aldaxka Kultur Biltzarrak eta XXI. mendea. Uruguaiko euskaldunen biltzarreko kideek lagunduko gaituzte”, iragarri du Luis Zalduak.

Iaz berreskuratu zen Harriague Upeltegiari dagokionez, euskal kultura zabaltzeko kulturgune bihurtzeko proiektuan lanean segitzen dute saltotarrak. “Hori beste erronka bat izango da aurten guretzat, kulturgunea sortzen segitu eta bertan antolatuko diren jarduerei egonkortasuna ematea”, adierazi digu Salrltoko Euskaldunen Taldea-ko lehendakariak.

Euskal Etxeen Nazioarteko Topaketa

Eskualdeko euskal instituzioen arteko loturak sendotze aldera Euskal Etxeen Nazioarteko Topaketa Erregional bat egin nahi dute saltotarrek maiatzean eta parte hartzeko deialdia Uruguai, Argentina, Brasil, Paraguai eta Txileko euskal etxeei zuzentzen diete. “Azaroan Necocheako Euskal Astean gure eskualde honetako hainbat euskal etxetako ordezkariekin hitz egin genuen eta gure asmo hau komentatu genien". "Beraz, dena ondo ateratzen bada, maiatzean egingo dugu”, adierazi du Zalduak. "Topaketaren xehetasunak konfirmatu ahala joango gara jakinarazten", baieztatu digu.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia