euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Saltoko Euskaldunen Taldeak egoitza berritua inauguratu du 'Mercado XVIII de Julio' Kultura eta Gastronomia Gunean

2024/10/03

Saltoko Euskaldunen Taldea Euskal Etxeak Juan Sebastian Elkanoren omenezko eskultura oparitu dio hiriari
Saltoko Euskaldunen Taldea Euskal Etxeak Juan Sebastian Elkanoren omenezko eskultura oparitu dio hiriari

PUBLIZITATEA

Salto, Uruguai. Mugimendu biziko egunak ari da bizitzen Salton bertako Euskal Etxea, denbora luzez esku artean izan dituen proiektuak poliki-poliki gauzatzen eta estreinatzen ari baita, tartean egoitza berriarena. Hilabeteak pasa ditu elkarteak ‘Mercado XVIII de julio’ guneko lokalean egokitze eta berritze lanak egiten eta ahaleginen ondoren joan den ostegunean, irailaren 26an, egin zuen azkenik inaugurazioa. Egoitza berrituan komunitateari begirako hainbat kultur proposamen aurrerabidetu ahal izango ditu, eta Euskal Taberna ere kudeatuko du bertan.

Egun berean beste inaugurazio bat burutu ahal izan zuten Saltoko euskaldunek. Merkatuaren aurrean Juan Sebastian Elkanoren omenezko eskultura bat ezarri zuten. Jorge Supparo artista plastiko saltotarraren artelana 2024ko Euskal Diasporaren Egunean Euskal Etxeak hiriari egin nahi izan dion oparia ere izan zen. Eskultura inauguratzeko momentuan Jorge Supparo eskultoreak eta Saltoko Departamentu Batzordeko presidentea den Pablo Alvesek bat egin zuten Euskal Etxeko kide eta lagunekin.

Hitzaldia eta Euskal Abesbatza

Eguneko programa barruan Euskal Herriko Unibertsitateko UNESCO katedrako Ander de la Fuente Arana doktore arkitektoak "Harriague upeltegiaren jatorrizko eraikinei buruzko hipotesi arrazoituak: etorkizuneko erronkak" izeneko hitzaldia eskaini zuen. Saltoko Euskal Abesbatza ere ekitaldiaren protagonista izan zen, Euskal Herriko kantutegiko doinu tradizional sorta bat eskainiz bertaratutakoei, tartean Aita semea eta Txoria txori famatuak.


EHUko UNESCO katedrako Ander de la Fuente Arana adituak harreman sendoa hazi du azken urteotan Saltoko Euskal Etxearekin, Harriague upeltegiari buruz egiten ari den ikerketa dela eta. Harriague urruñarraren lehenengo eraikinei buruzko hitzaldia bota zuen Ondarearen Eguneko ospakizunen testuinguruan


Saltoko Euskal Abesbatzak bere aldetik musika ikutua ekarri zion ekitaldiari, euskal aire tradizionalez

Inaugurazioa bukatzeko, anfitrioiek ardo eta pintxo sorta eskaini zizkieten hurreratutako lagunei. Ekitaldia, Uruguain berez datorren asteburuan ospatuko den Ondarearen Egunaren aurrekari edo aintzindari izan zen. Behar da esan, partaidetza nabaria izango duela ospakizun horretan Saltoko Euskaldunen Taldeak, Harriague Upeltegia ardatz izango baita 2024ko Ondarearen Egun Nazionaleko programan (ikus euskaldunen partaidetza aipatzen duen artikulua).



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia