euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Saltoko Euskaldunen Taldea, Uruguain, urrats handiak ari da ematen ‘Harriague Gunea’ proiektua gauzatzeko bidean

2021/12/31

2021eko 'Tannat Rock' jaialdia Harriague Kultur Gunean (argazkia EE)
2021eko 'Tannat Rock' jaialdia Harriague Kultur Gunean (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Salto, Uruguai. ‘Harriague Kultura eta Kirol Gunea’ Pascual Harriague hazpandarrak 1860ean Salto hirian sortu zuen upeltegian ari dira altxatzen Saltoko Euskaldunen Talde euskal etxeko lagunak. Duela bost urte abiatu zuten proiektua eta instalazioak hobetu ahala komunitateari begirako hainbat ekintzen egoitza izan da. Abendu honetan, adibidez, ‘Tannat Rock’ delako jaialdia egin zen Harriague Gunean eta Euskal Etxea tabernaz arduratu zen. Txistorra sagardoarekin eta piperrada prestatu zituzten sukaldariek.

Hala ere, eta hiri mailan oso garrantzitsua den jaialdiaren egoitza izatea urtea bukatzeko modu ederra bada ere, ez da bakarra. Luis Zaldua Euskal Etxeko lehendakariak jakinarazi dio EuskalKultura.eus-i elkarteak azkenean jasoko dituztela Harriague Upeltegia eta inguruko lurrak dohaintzan (Harriague Upeltegiari eta proiektuari buruzko informazio gehiago, hemen).

‘Harriague Kultura eta Kirol Gunea’

2016an jarri zen martxan proiektua eta geroztik hainbat proiektu berri sortu ditu Saltoko Euskaldunen Taldeak Upeltegiaren inguruan. Upeltegiko eraikuntza zaharrena zena --Euskal Herriko Unibertsitateko Ander de la Fuente adituaren ikerketen arabera-- Euskal Etxeko Txoko berri ari dira bihurtzen. Bertan, batez ere, sukaldaritza ekintzak antolatuko dituzte.  

“Gure asmoa ez da oraingoz aktibitate guztiak leku berrira eramatea. Nahiago dugu bi leku edukitzea; gure betiko egoitza hiriko leku eder batean dago (18 de Julio Merkatu Zaharrean) eta erdigunean dagoenez erosoagoa eta eskuragarriagoa da jendearentzat. Horregatik euskara klaseak, koruaren entseguak eta bilerak bertan segituko ditugu egiten”, azaldu digu Zalduak.

Kirol guneari dagokionez, instalazioetako futbol zelaia prest dago eta laster hasiko dira moldatzen kontainer bat komunak eta aldagelak egiteko. “Etorkizunari begira, asmoa da areto bat egitea topaketak eta jaiak antolatzeko. Eta gero –oraingoz asmoak baino ez dira– frontoia, petanka-lekua, kanpina, igerilekua…”, diosku.

‘Harriague Gunea’k historia gogoratzeko tokia ere izango du. Gernikako Biktimen Oroigarria ‘Guaviyu-Gernika Gune’aren barruan egiten ari dira eta Salto bertako Guaviyu arbolekin eta haritzekin apainduko dute. “Azken urteak ez dira batere errazak izan pandemiarekin baina guk lan handia egin dugu, isilpean baina handia, proiektuaren alde”, adierazi digu Zalduak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia