euskal diaspora eta kultura
2014/05/02
PUBLIZITATEA
Salto, Uruguai. Saltoko Euskaldunen Taldea euskal etxeak zuzendaritza berritu du. Honakoak dira agintaldi honetan elkarteak izango dituen arduradunak: Adela Soto (presidente), Luis Zaldua (presidenteorde), Hugo Llona (idazkari), Alice Juanicotenea (idazkariorde), Gustavo Lafon (diruzain), Jose Giordano Goicochea (diruzainorde) eta Analia Gonzalez Texeira (bokal).
Talde berriak aurrekoen bidetik jarraituko du eta elkartea herriari irekitzea izango da bere helburuetako bat, Saltoko kultur gune bihurtuz. Adela Sotoko horrela adierazi zion El Pueblo egunkariari: “Gure lana ez da zuzentzen bakarrik gure elkarteko kideei, baizik eta kokatuta gauden komunitate honi ere".
Ikastaro eskaintza zabala
Halatan, euskal etxeak ikastaro eskaintza zabala izango du, bai bazkideentzat eta baita kanpokoentzat ere. Horien artean aipagarria da euskara ikastaroa, Leonat Eguiazabal irakaslearekin. Ikastaroa online egiten da, baina hilean behin klasea presentziala izan ohi da.
Horrez gain, honakoak ere eskaintzen dira elkartean: margolaritza ikastaroa, Maria Angela Juanena artistarekin; dantza ikastaroa; sukaldaritza ikastaroa, Virginia Reyesekin; antzerki lantegiak, euskaraz zein gazteleraz; literatura eta kirol lantegia eta "Cantaeuskera" bikoaren emanaldiak.
Alicia Canoren dokumentala
Aurrera begira elkarteak sustatuko dituen egitasmoen artean aipagarria da Saltoko euskaldunei buruzko dokumental bat egiteko proposamena. Elkarteak Alicia Cano Menoni zuzendariaren lankidetza lortu du horretarako. Cano Saltoko euskaldunen ondorengoa da eta bere aurreko lanak, “El Bellavista" dokumentalak sari ugari jaso ditu nazioartean, tartean Donostiako Zinemaldiko sari bat ere. Dokumentalak Duraznoko El Bellavista taldearen istoria azaltzen du: futbol kluba izatetik transexualen kluba izatera pasa zen, azkenean kapera katoliko bilakatzeko.
Adela Sotok agertu duenez, euskal etxea Alicia Canorekin harremanetan jarri da eta aurkeztu egin dio elkarteak bildu dituen datu eta ikerketekin dokumentala egiteko proposamena eta honek oso interesgarri iritzi dio.
Dokumentalarekin bat, euskal etxeak aurrera darrai liburu bat argitaratzeko asmoarekin, Universidad Regional Norte-rekin lankidetzan.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus