euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Saltoko Euskal Etxeak Harriague Astearen 6. edizioa eta Ardo Ondareak bertan 150 urte betetze izana ospagai hartu ditu

2024/04/22

'Saltoko Euskaldunen Taldea' Euskal Etxeko bazkide eta lagun taldea 6. Harriagueren Astean partaide
'Saltoko Euskaldunen Taldea' Euskal Etxeko bazkide eta lagun taldea 6. Harriagueren Astean partaide

PUBLIZITATEA

Salto, Uruguai. 1874. urtean landatu zen lehen aldiz Uruguaiko ipar-mendebaldean ardoa ekoiztu eta saltzeko erabiliko zen lehen mahastia. 150 urte pasatu dira eta urteurren hori ospatze aldera herrialdeko Ondarearen Nazio Egunean (urrian) omenaldi berezia egingo diete uruguaitarrek ardogintzan aitzindari izan ziren bi izen handiri: Francisco Vidiella katalanari eta Pascual Harriague euskaldunari. Berri hau lagun ospatu da Saltoko Euskaldunen Taldeak urtero antolatzen duen Harriagueren Astea, aurten eguraldi txarrak programa aldatu beharra ekarri badu ere.

Ardogintzako aitzindari hazpandarraren ohoretan urtero egiten den Harriagueren Astearen egitarauan, apirilaren 11n, Stagnari Upeltegiko ardo dastaketa egin zen, Saltoko Ardo Kluba lankide, 18 de Julio Merkatuan. Apirilaren 12an, “150 urteko Ardo Ondarea, Harriagueren legatua gure ardogintzan: immigrazioa, lana eta berrikuntza” izenburuko hitzaldia eskaini zuen Ardogintzako Institutu Nazionala-INAVIk. Ondoren herriko Upeltegien ardo dastaketa gauzatu zen.

Asteko programari amaiera emateko, apirilaren 13an mahatsondo landatze sinbolikoa egin zuten INAVIko eta Saltoko Euskaldunen Talde Euskal Etxeko lagunek, Euskal Etxearen aurrean. Eguerdian eta afaltzeko, paella handi bat partekatu zuen hiriko Txokobar Tabernak, 18 de Julio Merkatuan.

Juan Sebastian Elkanoren estatua inauguratuko

Harriagueren upeltegia berreskuratzen daramaten lanaz gain eta sukaldaritzari lotuta antolatutako ekintzez aparte, euskal etxe saltotarrak jarraitzen du euskal kultura zabaltzeko daraman bidean ohikoak dituen aktibitateekin, tartean direla euskara klaseak, euskal abesbatza eta bere futbol eta txirrindularitza taldeak, azken hauek gainera euskal kolore eta diseinuko ekipamendu ikusgarria ezaugarri dutela.

Aldi berean, euskal elkarteko lehendakari Luis Zalduak adierazi dio EuskalKultura.eus-i datorren irailaren 8rako, Diasporaren Egunaren programaren baitan alegia, Juan Sebastian Elkanoren omenezko eskultura bat, Jorge Supparo Iraola artistaren obra, inauguratuko dutela Euskal Etxearen aurrean.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia