euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Saltako 'Gure Etxea' Euskal Etxea jadanik hasi da 2010eko egitarauaren proiektuak gauzatzen

2010/03/17

Saltako 'Gure Etxea' Euskal Etxeko kideak (argazkia EE)
Saltako 'Gure Etxea' Euskal Etxeko kideak (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Gaztea da oso Saltako Euskal Etxea. Izan ere, joan den urteko abenduaren 3an, San Frantzisko Xabierren egunarekin eta Euskararen Egunarekin batera, urtebete bete zuen. Baina erakundeko kideek urrats handiak eman dituzte epe honetan Argentinako iparraldean euskal kultura hedatze aldera. Helburu horri jarraituz eta aldi berean Saltako komunitateari laguntzeko asmoz, anitz ekintza ari dira egiten Gure Etxea-koak. Beste batzuen artean ahalmen bereziko haurrak biltzen dituen Tobar Garcia Eskolari emango dioten babesa aipa daiteke. 'Oarin arteko balantzea ona baino hobea da', adierazi dio instituzioko lehendakaria den Jorge Saracho Bianchik EuskalKultura.com-i. 'Poz handia hartu dugu bakarrik ez gaudela ikustean. Saltako Udaletxe, FEVA, eta Euskal Herriko erakunde batzuen laguntza eta beste euskal etxe batzuena ere jasotzen dugu'.

Salta, Argentina. 'Salta Ederra' edo 'Salta, la linda' izenarekin ezagutzen da Argentinako Iparraldeko probintzia hau. Eta jaio berria den 'Gure Etxea' euskal etxeak kulturaren arloan eskainiko duen ekarpenak 'edertasun' hori handitzeko balio izango du dudarik gabe.

Urtebete baino ez du euskal etxeak, baina makina bat proiektu. 2010. urtea hasi bezain laster ekin diete Saltakoek programatuta zeuzkaten ekintzei. Otsailean Euskal Herritik etorritako Elu Reynozo eta Fernan Molina Ugarte senar-emazteak hartu zituzten. Ondoren Virginia Larrazak euskal etxeko beste kideekin konpartitu zituen Necocheako Euzko Etxean bizi izan zituen esperientziak. Beste alde batetik eta Emakumeen Nazioarteko Eguna aldarrikatzeko, Nieves Beatriz Vizcarra de Eckardt euskal komunitateko 'Emakume Nabarmenena' izendatu zuen euskal etxe berriak. Vizcarra andreak garun-paralisia pairatzen duten umeekin lan egiten duen HIRPACE instituzioaren sortzaileetako bat da. Baina horretaz gain, eta herriko komunitateari begira, Gure Etxeak babesa planak dauzka ahalmen bereziko haurrak biltzen dituen Tobar Garcia Eskolari laguntza emateko. Proiektu hau bideratzeko egin den bileran, Eduardo Oláiz erakundeko lehendakariordea, Jorge Saracho Bianchi lehendakaria eta Guillermo Echazú kultur batzordeko ordezkaria hurbildu ziren eskolara.

Ekintzak urte osoan zehar

Hurrengo aktibitatea Aberri Eguna ospatzeko ekitaldia izango da. Susana Mirandek euskal kulturari buruzko hitzaldi bat emango du eta ondoren janari tipikoaz eta musikaz gozatu ahal izango dute gonbidatuek. Etorkizunari begira, apirilean Salta hiriaren sorrerako desfilean hartuko dute parte euskal etxekoek. Euskal zine zikloa gauzatuko da maiatzean eta ekainean. Uztailean, berriz, Ander Blasco musikari bizkaitarrak bisitatuko du hiria eta kontzertu bat emango du; ondoren, irailean, Cesar Arrondok hitzaldi bat eskainiko du. Beste alde batetik, laster Irrati Nazionalean "La Hora de los Vascos" irratsaioa emititzen hasiko da. Aldi berean, liburutegi eta bideoteka jarriko da abian.

'Orain arteko balantzea ona baino hobea da', azaldu dio Saracho Bianchik EuskalKultura.com-i. 'Poz handia dugu bakarrik ez gaudela ikustean. Hemengo Udaletxe, FEVA, eta Euskal Herriko erakunde batzuen laguntza, baita beste euskal etxe batzuena ere, jasotzen dugu egunero. Orain lortu behar duguna egoitza bat da. Eskaera baino, gehiago asmoa da Saltako euskaldunentzat. Elkartzeko leku baten beharra gero eta handiagoa da. Horren behar du izan hurrengo urratsa', adierazi du euskal etxe gazteko lehendakariak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia