Datorren asteartean, abenduaren 29an, hartuko du parte, lehenbiziko aldiz, Utah-ko Triskalariak dantza taldeak estatuko hiriburuko EVE WinterFest festibalean. Salt Lake Cityko Salt Palace-n izango da, arratsaldeko 20:00etan hasita, ordubetez. Jaialdi kultura anitzak hiru egun iraungo ditu eta Cirbie Sangroniz dantza taldeko irakasleak EuskalKultura.com-i esan dionez, “ohorea da guretzat bertan egotea, ilusio handiz arituko gara”.
Salta Lake City, AEB. “Geroz eta handiagoa bilakatzen ari da festibala eta ilusio handia ematen digu bertan parte hartzeko gonbitea jaso izanak”, adierazi digu Utah-ko Triskalarien irakaslea den Sangronizek. Jaialdi gunearen erdian dago Salt Palace jauregia eta euskaldunek, besteak beste, Andetako musikariekin, Japoniako perkusio jotzaileekin, eta Balkanetako dantzariekin partekatuko dute eszenatokia. “Kultura asko daude Utah-n eta errealitate horren parte gara geu ere, nahiz eta talde txikia izan. Aukera ederra da hemen jendaurrean agertu ahal izatea”.
Dantzatuko dituzten piezen zerrenda guztiz osatua ez badute ere, Sangronizek dantzatuko dituzten piezetako batzuk aipatu dizkigu: Agurra, Ikurrina, Arku Dantza, Banako, Makil Handi, Makil Txiki eta Ezpata Dantza. “Beste batzuk gehituko ditugu ere”, esan du. Taldeko hamasei dantzari aktiboenek hartuko dute parte, zortzina mutil eta neska, gazteenak zortzi urte eta zaharrenak hogeita hamar urtetik gora dituela.
Urte mugitua
Atzera begiratuta, urte emaritsua izan dutela dio Sangronizek. “Nahiko lanpetuta ibili gara. Inoiz baino gehiago dantzatu dugu eta gauza polita da hori”. Euskaldunen Gabonetako jaian, Alemaniarren Gabonetako jaian, Jaialdin, Living Traditions jaialdian… han-hemen aritu dira dantzan triskalariak. Baina oholtzaratu bakarrik ez, “hainbat dantza berri ikasi ditugu baita ere”.
Haurren talde berria
Horrelako urtearen ostean, hurrengoa lasaixeagoa izango dela pentsatzea ez litzateke arraroa. Edozelan ere, ez da horrela izango Utah-ko euskal dantzarientzat, haurren talde berria sortzeko intentzioa baitu Sangronizek. Badituzte, dagoeneko, zortzi bat ume, eta maiatzean nahiko lituzke entseguak hasi, uda partean jende aurrean agertu ahal izateko. Ez da denbora asko, baina irakasleak badaki hori eta txantxa egiten du: “Hain txikiak izanik dantzak guztiz ondo egiten ez badituzte ere, horren potxolo daude euskal arropak jantzita!”. Uda ostean, urrian hasiko lirateke berriz ere enseatzen, Gabonetarako prest egoteko.
EVE WinterFest-eko emanaldiko sarrerak hemen eros daitezke