euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Salt Lake: Teresa Cox NABOko idazkari berria, Bizi Emankorra Sariak 2025 erabaki dira, euskara arduradun berriak...

2025/02/04

Ezkerrean, NABOko diruzain Mayie Petraceck bertaratutakoei mintzatzen Salt Lakeko bileran; laukian NABO idazkari berria Teresa Cox
Ezkerrean, NABOko diruzain Mayie Petraceck bertaratutakoei mintzatzen Salt Lakeko bileran; laukian NABO idazkari berria Teresa Cox

PUBLIZITATEA

Salt Lake City, Utah, AEB. Neguko bilkura egin zuen NABO Ipar Amerikako Euskal Etxeen Federazioak joan den larunbatean Salt Lake Cityn, Utahko Euskal Etxea anfitrioi. Goizeko 8etatik aurrera, NABOko Jean Flesher lehendakaria buru, hainbat gai jorratu ziren, eta besteak beste EuskalKultura.eus-ek aurreratu bezala, orain arteko idazkari Kate Caminok idazkaritzako lekukoa pasatu zion Teresa Cox-i. 2018ko ekainetik zen Kate Camino NABOko idazkaria. Ordura arte federazioko 'sustatzaile' edo 'facilitator' zen, eta orain ere hala segituko du. Teresa Cox idazkari berria, bestalde, pertsona ezaguna da NABOn, eta Gardnervilleko 'Mendiko Euskaldun Cluba' Euskal Etxeko delegatu.

Mikaela Goicoechea eta Madalen Bieter dira Euskara Koordinatzaile berriak; eta 'NABO Al Erquiaga Bizi Emankorra' 2025 Sariak Gloria Totoricaguena, aita Antton Egiguren eta Johnny Curutchet-i emango zaizkie

Aldaketarik ere izan da NABO Euskara alorrean, eta Rock Springseko (Wyoming) Mikaela Goicoechea eta Boiseko (Idaho) Madalen Bieter gazteek elkarrekin hartu dute ardura. 2025eko Al Erquiaga Bizi Emankorra sarietan, delegatuek proposamenak aurkeztu eta bozketan aurten hiru pertsonari ematea erabaki zen: Gloria Totoricaguena, aita Antton Egiguren eta Johnny Curutchet-i. Bi lehenei, udan eskuratuko zaie seguruenik, Boisen, Jaialdi garaian, eta Johnny Curutchet-en kasuan, hilondoko omenaldi gisa, San Frantziskon jasoko dute bere familiakoek martxoaren 22an, Gure Euskal Etxean antolatu den NABO bertso-saioaren baitan, itsasoz bi aldeetako bertsolariak partaide: AEBko Martin Goicoechea, Poer Pastor eta Nerez Eceiza; eta Euskal Herriko Sebastian Lizaso, Joanes Illarregi, Xabat Illarregi, Todor Azurtza eta Aitor Mendiluze.

“Basque Dinner & Dance” gaualdia

NABOko delegatuek elkarrekin partekatu zuten Utahko Euskal Etxeko sukaldariek prestatutako bazkari ederra, eta iluntzean publikoa iristen joan zen urtero sasoin honetan euskal etxe utahtarrak egiten duen "Basque Dinner & Dance" afari eta festan parte hartzeko. Izan ere hitzordu hau 'Basque Club of Utah'ren urteko aurrekontuari ekarpen handiena egiten dion jarduera da; euskal kultura maite duen eta euskaldunen sukaldaritza gogoko duen jende amerikar ez-euskalduna partaide. Oraingo honetan, urtero bezala, bapo afaltzearekin batera hainbat enkante, salmenta eta zozketetan hartu zuten parte, bildutako guztia Euskal Etxearentzat. Gaualdin zehar bertako Utah-ko Triskalariak dantza taldeak erakustaldia egin zuen, eta gaua erromeria batekin amaitu zen, Mercedes Mendive soinujotzaileak ekarritako erritmo euskal-estatubatuarrekin.



hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia