euskal diaspora eta kultura
2009/07/14
PUBLIZITATEA
Salou, Katalunia. Jadanik 21 urte igaro dira Saloun euskal kulturari eskainitako lehenengo 'Día d'Euskadi' egin zenetik. Hiriko 'Txoko Lagun Artea' Euskal Etxeak sustatutako ekimenaren helburua euren bizilagunei euskal kultura molde tradizional batzuk erakustea izan da beti, eta lortu dutela dirudi. Mertxe Gomez da Euskal Etxeko lehendakaria eta, baieztatzen duenez, urteroko hitzordu honek jende asko biltzen du hiriko plaza eta kaleetan egiten diren ekintzetara. Aurten jaialdia uztaileko lehenengo asteburuan egin da, uztailaren 4 eta 5ean.
'Herrian jende eta bisitari asko egoten da uztailean eta ondorioz jende ugari biltzen da ikuskizunetara', diosku lehendakariak. Baieztatzen duenez, arrakasta handia izan zuen jaialdiak beste behin ere. Larunbatean goizeko hamaiketan hasi zen festa Salouko kaleetan egin zen kalejirarekin. Errenteriako Ereintza dantza taldeak parte hartu zuen, Uranga anaiak trikitilarien doinuez lagunduta. Honen ostean, meza egin zen Santa Maria del Mar elizan. Bertan Euskal Etxeko Ama Lur abesbatzak emanaldi labur bat eskaini zuen eta bukatzean Aurreskua dantzatu zitzaien bertan bildutako autoritateei.
[Ereintza taldeko kideak mezatik ateratzean autoritateen aurrean dantzari]
Bazkari oparoa egin zuten 'Txoko Lagun Arteako' bazkideek Euskal Etxearen egoitzan. Ondoren hiri erdigunean dagoen Jaime I. ibilbidean, Komunitateen plazan hain zuzen, herri kirolen erakustaldiaren txanda heldu zen. Bertan Atutxa aizkolariek eta harri-jasotzaileek ikuskizun 'polita eta askorentzat deigarria' eskaini zuten, eta 'euren inguruan jende asko bildu zen, ikusleek plaza betez'. Jarraian plaza berean Ereintza taldearen dantza erakustaldia gauzatu zen. Dantza taldearen eta aizkolarien kasuan aurtengoa ez da izan Saloura egindako lehen bisita. Gomezek azaltzen duenez, lagun zaharrak dira eta aspalditik hutsik egin gabe izaten dira 'Día d'Euskadi' jaialdian.
[Harri-jasotzaileen inguruan jende ugari bildu zen]
[Errenteriako Ereintza dantza taldekoen ikuskizuna Komunitateen plazan]
Igande gastronomikoa
Euskal sukaldaritzaren ospearen adierazgarri, jaialdi honetan ere tartea izan zuen. Igande goizean bakailaoa pil-pil erara sukaldatu zen Carrilet plazan. Aldi berean, plazan bertan, xake partidak jokatu zituzten Euskal Etxeko zenbait bazkidek. Goiza Uranga anaien trikitixa doinuekin girotu zen festari amaiera biribila emateko. Euskal Etxetik jaialdiak izandako harrera eta parte hartzearekin pozik azaldu dira. Lehendakariak bereziki eskertu nahi izan die dantzari, trikitilari, harri-jasotzaileei eta gainerako gonbidatuei euren parte hartzea 'euren lan txukuna dela eta jaialdia primerakoa, bikaina izan baita beste urte batez. Eskertzen diegu gure gonbidapena onartu izana'.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus