Salliqueló, Argentina. Urriaren 23tik 25era luzatu zen Salliqueló-ko Liburu Azokaren 6. edizioa, ‘Miguel de Cervantes Saavedra’ Kultur Gunea antolatzaile. Liburuen aurkezpenez gain, beste hainbat kultur ekintza egin ziren Kultur Guneko erabilera anitzeko aretoan, tartean tailerrak, txotxongilo ikuskizunak eta musika saioak, batzuk aipatzearren. Antolatzaileek gonbidaturik, euskal standa muntatu zuen Azokan Eusko Deya Euskal Etxeak eta standean sukaldaritza, historia eta oro har euskal kulturari buruzko hainbat liburu jarri zituen ikusgai.
Euskal Etxeko erreferente den Marta Gorostidik EuskalKultura.eus-i adierazi dionez, “Euskal Etxeak badu leku bat Kultur Gunean, Espainiar eta Portugaldar elkarteek duten bezalaxe, eta horregatik gonbidatu gintuzten parte hartzera. Oso aukera ona da guretzat, bereziki sobera aktibitate ez dugun momentu honetan. Urte zaila izan da hau Argentinan, ea laster dena bideratzen den eta berpiztu dezakegun erakundea”, azaldu digu Gorostidik.
Euskal Etxean mugimendu gutxi badago ere, duela lau urte herrian landatutako Gernikako Arbolaren kimuak bizirik eta hazten jarraitzen duela eta oso indartsu gainera, kontatu digu Gorostidik. “Zaintzen dugu eta asmoa da laster bere ondoan beste landare batzuk paratzea”, jakinarazi digu.