euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"Saladilloko Itxaropen euskal etxearen Laguntza Bonoari esker ezagutu ahal izan dut birraiton-amonaren herria"

2013/03/15

Silvia Istillart eta Julio Wright senarra Heletan, Nafarroa Beherean
Silvia Istillart eta Julio Wright senarra Heletan, Nafarroa Beherean

PUBLIZITATEA

“Ez dakit hain esperientzia zoragarria laburtzeko gai izango naizen” esan dio Silvia Istillartek EuskalKultura.com-i bidaiari buruz galdetu diogunean. Izan ere, bere herriko euskal etxeari esker egindako paseoan bere birraitona-amonaren jaioterria ezagutzeko aukera izan zuen Silviak eta horrek erabat hunkitu zuen. “Baxenabarreko Heleta, Iparraldean; bertako Herriko Etxean Istillart abizeneko amatxi zuen emakume batekin egin nuen topo. Istillart… ni eta nire aitatxi Jean Istillart bezala… Negar asko egin nuen eta kontaktuan jarraitzen dut berarekin”. Itxaropen Euskal Etxeak salgai jarri ditu dagoeneko 2013ko bonoak, 250 pesotan.

Saladillo, Argentina. Harreman sakona dauka Silvia Beatriz Istillartek Saladilloko Itxaropen Euskal Etxearekin. “Saladilloko euskaldunak elkartzen hasi zirenean, aitaren etxean biltzen ziren. Garai hartan egoitzarik ez zeukatenez, aitak etxeko ateak irekitzen zizkien bilerak egiteko. Are gehiago, bigarren batzordekideko lehendakaria, gure aita zena, Juan Istillart, izan zen. Beraz, estimu handiak eta oroipen politek lotzen naute euskal etxearekin”, azaldu du Silvia Istillartek EuskalKultura.com-ekin izandako solasaldian.

“Badira urte batzuk Itxaropen-ak ‘Laguntza Bonoak’ salgai jartzen dituela egoitza eraikitzeko dirua lortzeko. Euskal etxeari laguntzeko asmoz erosi eta senarrak 56. zenbakia aukeratu zuen. Baina guk ez daukagu loterian txekeatzeko ohiturarik, euskal etxekoak etxera berri ona emateko etorri zitzaizkigunean jakin genuen guri egokitu zitzaigula Euskal Herrirako bidaia. Zozketa abenduaren 3an, Euskararen Egunean, egin zuten eta saria urte amaierako jaian eskuratu ziguten, 2012an bidaiatzeko”, kontatu digu Silviak.

Euskal Herrian zehar

“Apirilean lurreratu ginen Bilbon, eta iritsi aurretik, hegazkineko leihatiletatik ikusten genuenarekin hasi ginen bidaiaz gozatzen. Beste senar-emazte batzuekin, Jose Luis Ortuzar eta Mirta Grassi lagunekin, joan ginen eta Portugaleten hartu genuen ostatua ibilbidearekin hasteko. Hortik Bizkaiko kostaldean ibili ginen: Bilbon, Sopelan, Plentzian, Gaztelugatxen, Bermeon, Barrikan, Bakion, Mundakan eta Lekeition. Gaztelugatxe ezin ederragoa da. Gernikara ere joan ginen, hunkigarria bisitaldia. Eta Ispaster-en eta Elantxoben ere izan ginen”.

Saladilloko Silvia Estillart 2013 01
[Jose Luis Ortuzar eta Mirta Grassi senar-emazteak Silvia Istillart eta Julio Wright-ekin batera Gasteizko Plazan]
 

“Ondorengo helmugak Gasteiz eta Donostia izan ziren. Gero, Nafarroan sartuta Iruñea, Lizaso eta Ultzamako basoa bisitatu genituen, eta aurrera jarraituz, Hondarribia eta Biarritze. Azkenean Heletaraino iritsi ginen. Bertan jaio ziren nire birraitona, Jean Istillart, 1860. urtean, eta birramona Maria Salaberry. Hura bidaia osoko egunik zirraragarriena izan zen. Herria txiki-txikia da, biztanle gutxikoa eta Herriko Etxeko emakume batekin hizketan, esan zidan bere aitaren aldeko amonak Istillart abizena zuela… Zelako emozioa! Ez dakigu ahaideak garen baina momentuan sentitu nuen nire aitaren ‘mezu’ bat zela. Asko gustatuko zitzaidan Heletan bizi izan nuena berari kontatzea… Eta bitxikeria bat ere badaukat. Nik hemengo lur eskukada bat eta ur sorta bat eraman nituen Euskal Herrira; eta bueltan Heletako ponteko ur bedeinkatua ekarri nuen”, aitortu digu Saladilloko euskal etxeko kideak.

“Dudarik gabe, bidaia bizitza osoko esperientzia garrantzitsuenetako bat izan da. Dena izan da polita, paisaiak, hartu gintuzten era, jendearen jarrera. Dena kalitate handikoa… eta janariarena, zer esanik ez… urdaiazpikoa, pintxoak, tortillak… arroz-esne eta esne frijitua... Guztia txakolin traguska batez lagunduta”, irudikatzen du Silviak.

2013ko Laguntza Bonoak

‘Laguntza Bonoak’ euskal etxeak laguntzeko modalitate baliagarria bihurtu dira azken urteetan. Eta laguntzearekin batera hor dago bidaia ederra irabazteko aukera ere. Plazaratu berria dute Itxaropen-eko lagunek 2013ko bonoen edizioa eta txartelez gain esku dirua ere (4000 eta 2000 pesoko sariak) zozketatuko da. Aurtengo prezioa 250 pesokoa da eta aurreko urteetan bezala ordaintzeko erraztasunak eskaintzen dira. Bonoak erosi nahi dituztenek, e-mailez jarri behar dute kontaktuan euskal etxeko kideekin: itxaropena98@argentina.com edo silvinabordenave@yahoo.com.ar helbideetan.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia