euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Saladilloko Itxaropen EEak gaur inauguratuko du bere egoitza: goizeko 10etan, zerrenda-mozketa eta harrera

2014/07/31

Saladilloko Itxaropen euskal etxeak bere egoitza berria inauguratuko du gaur, uztailaren 31an (argazkiaEE)
Saladilloko Itxaropen euskal etxeak bere egoitza berria inauguratuko du gaur, uztailaren 31an (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Sei urte luze igaro dira Buenos Aires probintziako Saladilloko euskal gizataldea bere euskal etxearen egoitza eraikitzen hasi denetik. Ibilbidea ez da erraza izan baina azkenean, eraikuntza, gaur –uztailaren 31an, San Inazio eta hiriaren 151. urteurren egunean– inauguratuko da. Zeremonia goizeko 10etan hasiko da eta euskal etxeko kide eta lagunez gain, Euskadiko eta Argentinako agintariak bilduko ditu, tartean Argentina eta Mercosur-erako Euskadiren Ordezkaria, FEVAko eta euskal etxeko lehendakariak eta hiriko alkatea.

Saladillo, Argentina. Euskal Herriko baserri tipikoen itxura duen egoitza hiriko Sarmiento eta De Santibañes kaleen arteko izkinan dago kokaturik eta bertan egingo diete harrera gonbidatuei euskal etxeko kideek. Inaugurazio ekitaldia goizeko 10etan hasiko da Sara Pagola Eusko Jaurlaritzaren ordezkaria, Hugo Andiazabal FEVAko lehendakaria, Nora  Idoeta euskal etxeko lehendakaria eta Carlos Gorosito alkatea buru.

Zeremoniari hasiera emateko eta etxe berrira sartu aurretik, zerrendak moztuko dituzte aipatutako agintariek. Horren ostean, bi herrialdeetako ereserkiak abestuko dira eta instituzioko dantzari izan den Daniel Altamirak ohorezko aurreskua dantzatuko du. Segidan, plaka oroigarriak desestali ondoren, hitz batzuk zuzenduko dizkiete bildutako lagunei Nora Idoetak, Hugo Andiazabalek, Sara Pagolak eta Carlos Gorositok. Protokolozko ekitaldia bukatzean, pintxo eta edariak zerbitzatuko zaizkie gonbidatuei.

Gogora dezagun, sei urte hauetan ezinbestekoak izan diren diru laguntzak jaso dituela Itxaropen-ek egoitza bukatu ahal izateko. Diru iturriak Eusko Jaurlaritza, Saladillo bertako Udala eta euskal etxeak saltzen zituen laguntza-bonoak izan dira. Inaugurazio datari dagokionez, iaz erabaki zuten instituzioko kideek 2014ko uztailaren 31an izatea. Izan ere gaur Iñaki Deunaren Eguna ospatzeaz gain, Saladilloren 151. urteurrena ere bada eta kari horretara jai eguna da Buenos Aires probintziako herri honetan.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia