euskal diaspora eta kultura
2009/10/12
PUBLIZITATEA
Saladillo, Argentina. Atzo bertan Saladilloko ABC egunkariak argitaratutako argazki eta kronikak islatzen zuenez, beste batzuetan baino apalago egin zen deialdia, baina arrakastak lagundu zuen herriko Paulo VI Aretoan eginiko festa eta bilkura. Maria Silvina Bordenave hainbat urtez lehendakari izan ondoren aurten txanda hartu dion Hector Altamira presidente berria zuzendu zitzaien bertaratutakoei, elkarteari ematen dioten laguntasuna eskertuz eta aipatuz A gripearen karietara atzeratutako ekitaldia zela larunbatekoa.
[Ezkerrean, zutik, Itxaropen EEko lehendakari Hector Altamira (argazkia ABC-Saladillo)]
"Festa handiagoa izan zitekeen, baina gaurko egunarekin herrian zeuden beste hainbat deialdiak kontutan harturik, zeozer familia girokoagoa egitea pentsatu genuen, eta aski ongi atera zaigu", onartu zuen.
[Bildutakoek 11. urtemugarako propio prestatutako mahaiburukoa dastatu ahal izan zuten (argazkia ABC-Saladillo)]
Datozen ekitaldiei dagokienez, esan zuen urriaren 18tik 26a bitartean Euskal Herriko Unibertsitateko bi biologari arituko direla Saladillon listu laginak hartzen, ondoren ADNa aztertu eta Diasporako euskaldunek dituzten gaitz eta eritasunak eta Euskal Herrikoak dauzkatenak alderatzeko, testuinguruak horretan izan dezakeen eragina ikertzeko.
Bestela ere, Altamira EEko lehendakariak azaldu zuen Udalak gonbidapena luzatu diola Euskal Etxeari Karmengo Amaren Parkean egingo den ekitaldi batean parte hartzeko, euskal elkarteak bere gain harturik euskal jokoak antolatzea, auzoko haurrak jolas daitezen.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus