Saladillo, Argentina. Ekimena Guillermo Raul Ni Colo beterano saladillotarraren eskutik dator eta helburu jakina du: Malvinetako gerran hildako 649 soldaduak omentzea, bakoitzaren oroimenez zuhaitz bana landatuz. Ni Colo-ren asmoa da, arbola kopuru horretara datorren urteko apirilean iristea, 2022ko apirilean beteko baita Argentinako historiako une ilun eta tristeenetakoa izan zen haren 40. urteurrena.
Saladilloko beteranoak hasitako kanpaina mota askotako mugak gainditu ditu eta Argentinatik kanpo ere landatu dituzte arbolak, beste leku batzuen artean Finlandian, eta izen handiko hainbat pertsonaiak ere egin dute bat proposamenarekin, tartean, Mariano Martínez aktoreak. Gaur egun 750 lagun dabiltza ekimen honetan lankide, banaka, taldeka edo erakunderen batean bildurik.
Saladilloko euskal gizataldeak bat egin du kanpainarekin eta ondorioz Itxaropen Euskal Etxeko kideek haritz bat landatuko dute euren egoitzan datorren uztailaren 10ean. Baina arbola landatzeaz gain Argentinako gainerako euskal etxeak ere animatu nahi dituzte memoria mantentzeko helburua duen proiektu honetan partaide izatera. Kontaktua, Guillermo Raúl Ni Colo.
Pandemiapeko aurrez aurreko ekintzak
Osasun egoerari dagokionez, 2. fasean dago gaur egun Saladillo eta horrek esan nahi du tailerrak baino ezin dituela antolatu Euskal Etxeak. Momentu honetaz, dantza tailerra, Udaleko Xake Tailerra, Guadalupe Arocenak ematen dituen sukaldaritza eskolak eta tango klaseak baino ez dira ematen egoitzan presentzialki.
“Hala ere, eta egoerak hobera egiten badu saiatuko gara laster proposamen gastronomiko bat burutzen; delivery moduan ez bada ere”, jakinarazi dio EuskalKultura.eus-i Euskal Etxeko erreferente den Silvina Bordenavek.