Saladillo, Argentina. Festa handia egin zuten Buenos Aires probintziako Saladilloko Itxaropen-eko lagunek euren euskal etxearen 20. urtebetetzea ospatzeko. 90 bat gonbidatuk hartu zuten parte etxekoek prestatutako afarian, tartean Cañuelasko Denak Bat eta Loretako Euskaldunak-eko lagunek, Itxaropen-eko lehendakari ohiek eta Saladilloko Jose Luis Salomon alkateak.
Omenaldi gisa diploma bana eskuratu zieten Euskal Etxeko gaurko agintariek erakundeko lehenengo zuzendaritzako batzordekideei. Alkateak, bere aldetik, 20 urte hauetako argazkiak zeuzkan koadro bat oparitu zion Euskal Etxeari.
Gaua alaitzeko Denak Bat-eko dantzari gazteek eta Itxaropen-eko helduek euren errepertorioko dantza batzuk eskaini zizkioten bildutako jendeari. Erakusketa bukatzean bat egin zuten dantzariek eta publikoak elkarrekin dantzatzeko.
Afalostean ‘Zorionak zuri’ abestu zuten eta urtebetetze tarta partekatu zuten gonbidatu eta anfitrioiek. Festa ordu txikiak arte luzatu zen Edgardo del Rio abeslariaren ikuskizunarekin.
Argazki bilduma osoa, hemen.