euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Saladilloko Itxaropen EEak Eusko Jaurlaritzak bidalitako fresatzeko makina eman zion hiriko 1. Eskola Teknikoari

2008/05/09

Eskolako ikasle batek fresatzeko makina nola erabili erakutsi zuen ekitaldian (argazkia ItxaropenEE)
Eskolako ikasle batek fresatzeko makina nola erabili erakutsi zuen ekitaldian (argazkia ItxaropenEE)

PUBLIZITATEA

Saladilloko Itxaropen Euskal Etxeak izenean daraman esperantza puska bat eraman zuen joan den asteartean hiriko 1. Eskola Teknikora, Eusko Jaurlaritzak bidalitako fresatzeko makina entregatu zuenean. Makina horren bidez eskolako gazteak lanbidean trebatu ahal izango dituzte eta etorkizunean lan on bat eskuratzeko aukera izango dute. Ekitaldian euskal etxeko eta eskolako agintariek eta Euskadiko ordezkariak, Marieli Diaz de Mendibilek hartu zuten parte, besteak beste.
Eskola Teknikoko lantegian egin zen joan den astean Eusko Jaurlaritzak emandako fresatzeko makinaren entrega ekitaldia. Saladilloko Itxaropen Euskal Etxea izan zen bitartekaria eta elkarteko kide eta agintari asko bildu ziren bertara. Ekitaldia euskal eta argentinar hereserkiekin hasi zen eta ikasturte hasieran jaso zuten fresatzeko makina hau ofizialki martxan jarri zuten eskolako arduradunek.

Ekitaldian Euskadiko ordezkaria Argentinan eta euskal etxeko agintariak izan ziren. Eurekin batera Jaurlaritzarengandik beste fresatzeko makina batzuk jaso izan dituzten euskal etxeko ordezkaritzak --Chivilcoy, Bragado, Carlos Casares, Chascomús, Azul eta Chacabuco-- eta herri hauetako Eskola Teknikoetako ordezkariak.

[Goiko irudian fresatzeko makinaren emate-ekitaldiaren une bat (argazkia ItxaropenEE)]

Itxaropenarekin lan egin

Ekitaldian eskolako zuzendariak, Dario Nagorek, bere esker ona agertu zuen, dohaintza honek 'ikasleei trebakuntza tekniko hobea emateko aukera' ekarriko duela esanez, euskal etxeko iturriek azaldu dutenez. Era berean Nagorek euskal etxeak eta Cesar Arrondo irakasleak egindako bitartekari lana eskertu zuen eta Jose Araujo irakasleak dohaintza eskuratzeko proiektua prestatzen egindako lana ere gogora ekarri zuen.

[Goiko irudian 1. Eskola Teknikoko zuzendaria, Dario Nagore, bere mintzaldiaren une batean (argazkia ItxaropenaEE)]

Nagorek hizpide izan zuen Alberto Sarramone euskal argentinarraren liburua eta euskaldunek erremintaritza arloan egindako lana eta Argentinan duten presentzia ekarri zituen gogora. Zuzendariak euskal etxearen izenaz baliatuz eskolan 'itxaropen askorekin' lan egiten dela esateko, 'gizarte justuago eta ez hain biolentua lortu asmoz, ikasleei etorkizun oparoa izateko trebatzeko aukera eskainiaz'.

Hezkuntzaren balioa

Euskadiko ordezkariak, Marieli Díaz de Mendibilek, euskaldunek Argentinaren eraikuntzan egindako ekarpena kontuan izatea eskertu zuen eta Jaurlaritzak dohaintza 'hezkuntzaren balioa' aintzat hartzen duelako egiten duela adierazi zuen. Diaz de Mendibilek esan zuenez, ekitaldi hauek Jarularitzak munduko beste herrialdeekin bilatzen duen batasunaren adierazgarri dira. Bukatzeko, ikasle eta irakasleei eskatu zien makina erabiltzen dutenean hura bidali zien Europako 'zatitxo' hori gogan izateko.

[Goiko irudian Dario Nagore y Marieli Diaz de Mendibil fresatzeko makinaren aurrean (argazkia ItxaropenEE)]

Bestalde, goizean, ekitaldiaren aurretik, Cesar Arrondo irakasleak mintzaldia eskaini zien eskolako ikasleei eta Euskal Herriko historiaz eta gaur egungo egoeraz mintzatu zen.


Lotura interesgarriak

Itxaropen Euskal Etxea, Saladillo
www.saladillo.gov.ar/centrovasco.htm

Fresatzeko makina bat Chascomuseko Eskola Teknikoarentzat
EuskalKultura.com-en argitaratua 2008ko apirilaren 16ean

Itxaropen EEak zuzendaritza berritu du
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko abuztuaren 31an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia