Saladillo, Argentina. Euskal etxe saladillotarrak stand gastronomiko batekin hartu du parte hiriko Udala antolatzaile duen "Pisu-Gailetaren Jaia"ren 3. edizioan. Ekitaldi gastronomiko, sozial eta kultural hau Saladillo hiriko produktu tradizional baten omenez egiten da, buztinezko labearen pisuan eskuz egindako ogia, bertako landa-eremuan asko kontsumitzen dena, mende luzeko historiaren jabe.
Nora Idoeta, Saladilloko Itxaropen Euskal Etxeko lehendakaria, gonbidatua izan zen ekitaldiaren inaugurazioan hitz egitera, partaide ziren gainerako 22 erakundeen izenean, eta tradizioen eta ondare kulturalaren garrantzia azpimarratu zuen. Jarduera handiko hiru egun izan ziren, eta Euskal Etxeko taldeak, hirian parte hartzen duen ekitaldi bakoitzean ohi duenez, pintxoak eskaini zituen bere standean, arrakasta handiz eskaini ere.
Bestalde, “Uztailaren 9an Itxaropenek 25 urte beteko ditu eta ospatu egingo dugu, jakina, baina oraindik erabakitzen ari gara nola". "Eta gainera abuztuaren 18 eta 19ko asteburuan Mus Txapelketa Nazionalaren anfitrioi izango gara”, azaldu dio harro eta gogotsu Nora Idoetak Euskalkultura.eus-i.
Komunitatearentzako ikastaro eta tailerren egoitza
Itxaropen-en egoitza hirigunetik urrun dago, baina zenbait auzotatik gertu. Hori dela eta, inguruko biztanleentzat iristerraza da. Duten kokaleku estrategikoagatik, besteak beste, Udalarekin hitzarmena sinatu dute, eta ondorioz, komunitateari zuzendutako hainbat tailer ematen hasi dira.
Helduentzako eta haurrentzako Sukaldaritza Tailerra Itxaropeneko Batzordeko kide den Guadalupe Arocenaren esku dago. Euskal Dantza, Micaela Gaggiottik irakasten du. Tango Tailerra, berriz, Nazareno Martín dauka irakasle. Materialak Birziklatzeko Tailerra, Vaina Boquichiok koordinatzen du. Ospe handia duen Xake Eskola ere Itxaropenen egoitzan garatzen da, Jorge Novella irakasle. Baita C.E.F. N 77 Gorputz Hezkuntzako Zentroa ere, Ana Lía Hernáez irakaslearen eskutik "Helduentzako eta Heldu Zaharrentzako Gimnasia" ematen duena.