Harreman estua egon da beti Itxaropen Euskal Etxearen eta bere komunitatearen artean. Erlazio hori ekimen konkretuetan burutzen da eta egun esan daiteke Euskal Etxearen egitarauak herri osoari begirako hainbat aktibitate eskaintzen dituela. Hilabete honetan bertan, San Juan jaia elkarrekin antolatuko dute Euskal Etxeak, Udalak eta Euskal Etxeak egoitza duen auzoko eskolak. Aldiz, gehienbat etxeko bazkide eta lagunak partaide dauzka, esaterako, joan den asteburuan jokatu zen etxeko Mus Txapeletak. Hector Altamira eta Santiago Santamarina izan zituen irabazle eta orain eurak hartuko dute parte Nazionalean Saladilloko Euskal Etxeko ordezkari.
Saladillo, Argentina. Itxaropen Euskal Etxeak ere izango ditu bere ordezkariak ekainaren 16tik 18ra Chacabuco hirian egingo den Argentinako Mus Txapelketa Nazionalean. Euskal Etxeko barne lehiaketa joan den ostiralean izan zen eta irabazleak Hector Eduardo Altamira eta Santiago Santamarina izan ziren. Bigarren postuan geratu zen Nicolas Calabresek eta Antonio Fanesik osatutako bikotea.
Musetik Zinera
Euskal etxe bat bizi-bizi mantentzeko sekreturik ez dago; gako bat izan daiteke, ordea, gustu guztientzako aktibitateak proposatzea. Maiatzaren 26an Euskal Zine Zikloaren aurtengo bigarren saioa egin zen Saladilloko Euskal Etxean, 40 bat pertsona lagun. Carlos Gabilondok kudeatzen duen Zine Ibiltariaren baitan Loreak filma ikusi zuten saladillotarrek eta pelikularen ostean etxeko sukaldariek prestatutako pintxoak eta dilistak afaldu zituzten. Aipatu behar da maiatzeko zine saioan Euskal Etxearen adiskide den Ricardo Lissalde diputatuak Buenos Aires probintziako bandera oparitu ziola Euskal Etxeari.
Euskara, dantzak eta sukaldaritza
“Zorionez aktibitate ugari ari gara antolatzen Euskal Etxean", azpimarratu dio EuskalKultura.com-i euskal etxeko erreferente den Silvina Bordenavek. gehituz, gainera "batzuk Udalarekin batera antolatuta" daudela; "Euskara klaseak Paulina Lordaren esku daude eta dantza eskolak Micaela Gaggiottik ematen ditu; Micaelak 2016an FEVAk antolatutako tailerrean hartu zuen parte eta aurten dantza talde bat osatu ahal izan dugu; 15 bat dantzari dira, gehienak helduak eta gazte pare bat”, jakinarazi digu. “Bestalde, sukaldaritza tailerrak Guadalupe Arocenaren ardurapean daude. Guadalupe chefa da eta Euskal Etxearen aurtengo asmoa da dirua biltzea Euskal Herrira bidali ahal izateko euskal sukaldaritzan treba dadin. Gauzak ondo joaten badira 2018an bidaiatuko da”, azaldu digu Bordenavek.
Hurrengo aktibitateak
Bestela ere bete samarra ageri da Itxaropen-en agenda. San Juan eguna, udala eta auzoko eskolako haurrekin ospatuko dute ekainaren amaieran. Zine zikloaren hirugarren emanaldia abuztuaren 25ean izango da, beti ere Carlos Gabilondoren eskutik.
“Baina zinea baino pixkat lehenago, uztailean, gure 19. urteurrena iritsiko da eta behar bezala ospatu nahi dugu”, iragartzen du Bordenavek. “Uztailaren 9an, Independentzia Argentinarraren egunean, bazkari bat egingo dugu eta Loiolako Inazioren Egunean, Saladillo hiriaren urtemugan, San Inazioren irudi bat tronuratuko dugu. Irudia Euskal Etxeko lagunok ekarri genuen iaz Loiolatik, Euskal Herrian izan ginenean”, jakinarazi du Euskal Etxeko bozeramaileak.
Ekintzei buruzko informazio zehatzagoa konfirmatu ahala argitaratuko da Centro Vasco Itxaropen Saladillo Facebook kontuan eta EuskalKultura.com-en agendan.