Saladillo, Argentina. ‘Convivencia Clarinetística’ izena duen trebakuntza ikastaroa garatzen ari da egun hauetan Saladillon. Ikastaroa Julieta Ugartemendia adituaren esku dago, Alberto Brass eta Edgardo Palotta laguntzaile, Buenos Aires probintziako klarinete-jotzaile eta zuzendariei begira. Ugartemendiak azaldu duenez, aldi berean abesbatza bat ari da sortzen Itxaropen Euskal Etxearen baitan eta abeslariek Klarinete-jotzaileen Elkarretaratzean hartuko dute parte entsegu eta kontzertu batean.
Abesbatzak kantatuko dituen abestiak Euskal Etxeko kideek pasatu dizkiote Ugartemendiari eta Ugartemendiak berak eta Edgardo Palottak egin dituzte moldaketak, Gabriela Sameghini irakaslearen laguntzarekin.
Itxaropen Euskal Etxeko Abesbatzak klarinete-jotzaileekin batera eskainiko duen kontzertua otsailaren 15ean, ostirala, izango da, iluntzeko 8:30etan, Udal Jauregiko lorategian.