euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Saladilloko Euskal Etxeak ‘Angela Catalina Carrano Azcona’ izena jarri dio bere egoitza berriko liburutegiari

2014/12/12

Saladilloko Itxaropen euskal etxeak erakundearen sortzaile baten izena jarri dio liburutegi berriari: ‘Ángela Catalina Carrano Azcona’  (argazkia EE)
Saladilloko Itxaropen euskal etxeak erakundearen sortzaile baten izena jarri dio liburutegi berriari: ‘Ángela Catalina Carrano Azcona’ (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Zeremonia Euskararen Nazioarteko Eguneko ospakizunen baitan egin zen, euskal etxeko eta udaleko agintariak lagun. Haiekin batera, ‘Cata’ Carrano Azconaren seme-alabek ere hartu zuten parte ekintzan eta esker beroak adierazi zizkioten euskal erakundeari euren amari egindako omenaldiagatik.

Saladillo, Argentina. Saladilloko Euskal Etxeak joan den ostiralean, abenduaren 5ean ospatu zuen Euskararen Eguna eta ospatu ere bere egoitza berriko liburutegia ofizialki estreinatuz ospatu zuen. Gogoratu behar da Saladilloko euskaldunek uztailean inauguratu zurela euren eraikin eta egoitza berria, eta haren baitan estreinatu dela orain ofizialki ‘Ángela Catalina Azcona Carrano’ izenarekin funtzionatuko duen liburutegia.

Zeremonia jendetsu batean eta izendatze ekitaldiari hasiera emateko, Nora Idoeta Euskal Etxeko lehendakariak eta Veronica Soler liburuzainak ‘Cata’ Carrano Azconaren jardunbidea ekarri zuten gogora, bereziki aipatuz irakaskuntzarako bere bokazioa eta Euskal Etxea sortzeko egin zuen lana. Horrekin batera, bertako liburutegiarekiko engaiamendua ere gogora ekarri zuten Itxaropen-eko kideek: “Instituzioa sortu aurretik ere bera arduratu zen gureganatzen genituen liburuak jasotzeaz, zaintzeaz eta interesatuei uzteaz”, aipatu zuten.

Hitzen ondoren, eukaristia ministroa eta aldi berean etxeko kide Alfredo Elisagarayk otoitz bat irakurri zuen eta liburutegiaren instalazioak bedeinkatu zituen. Euskal Etxeko kideekin batera, Soledad eta Daniel Fernandez, ‘Cata’ Carrano Azconaren seme-alabek ere hartu zuten parte zeremonian, antolatzaileei eta bertaratutakoei euren amarekiko gomuta eskertuz.

Bost urteko haurren bisita

Itxaropen-eko kideek jakinarazi dute, bestalde, euskal etxeko ordezkari batzuk herriko 904. zenbakiko haurtzaindegira joan ziren azaroaren 28an, bertako bost urteko haurrek euskal etxearen omenez egindako erakusketa bat ikustera. Euskal etxetik esan dutenez, “baserri itxurako gure egoitza inauguratu genuenean, haurtzaindegiko irakasle batzuk etorri zitzaizkigun proposamen batekin: haurrak euskal etxera gonbidatzea Euskal Herriari buruz zerbait ikas zezaten. Esan eta egin. Umeek oso ondo pasatu zuten. Ondoren, ordea, ustekabe handia hartu genuen erakusketa honetara gonbidatu gintuztenean, eta neska-mutilek egindako lanak ikusi genituenean. Guztietan islatu dute euskal etxean ikasitakoa”, adierazi digute Itxaropengo lagunek. 


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia