euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Saladilloko Itxaropen euskal etxe argentinarra egoitza propioa izateko ametsa gauzatu nahian

2008/08/21

Saladilloko Otxaropen Euskal Etxeko lehendakaria, Silvia Bordenave, hamargarren urteurreneko afarian ateratako argazkian
Saladilloko Otxaropen Euskal Etxeko lehendakaria, Silvia Bordenave, hamargarren urteurreneko afarian ateratako argazkian

PUBLIZITATEA

Hirurehun bat lagun bildu ziren joan den igandean Saladillon, Buenos Aires probintzia argentinarrean, bertako Itxaropen Euskal Etxearen hamargarren urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldietako azkenekoan, afari herrikoian hain zuzen. Carlos Gorosito alkatea ere bertan zen eta aukera baliatu zuen 10.000 pesoko txeke bat emateko Itxaropen-eko lehendakari Silvia Bordenave-ri, Euskal Etxearen egoitza berria eraikitze lanetarako. Bordenavek keinua eskertu eta batetik eta bestetik jasotako laguntzek aspaldidanik igurikatutako eraikinaren ametsa hezurmamitzen lagunduko dutela esan zuen. Ikuskizunen alorrean, Arrecifeseko Maral euskal taldeak eta bertako eta Cañuelaseko dantzariek edertu zuten gaua.

Saladillo, Argentina. Saladilloko Itxaropen Euskal Etxeak joan den igandean amaitu zituen, afari herrikoi batekin Apeadero Club delakoan, bere hamargarren urteurrena partekatzeko antolatutako ekitaldiak. Hirurehun bat jende bildu zituen hitzorduak Arrecifesetik iritsitako Maral taldea --euskaraz kantatzen ditu bere kantetako batzuk-- eta Cañuelaseko eta Saladillo bertako euskal dantzariak izan zituen protagonista alderdi artistikoari dagokionez. Bildutakoek omenaldia eskaini zioten 1998tik eguneraino Zuzendaritza Batzordeetako kide izan diren lagun guztiei.

saladillo euskal etxea 10. urtemuga

[10. urteurreneko afariak eskaintzen zuen ikuspegi orokorra]

saladillo-03 euskal etxea 10. urtemuga

[Sivina Bordenave Euskal Etxeko lehendakaria eta Carlos Gorosito alkatea]

Arrakastatsua eta alaia ian zen ekitaldian, Silvia Bordenave lehendakariak Itxaropen-ek egoitza propioa eraikitzeko ametsa gauzatzea lehentasun izango dela aurrerantzean, adierazi zuen, horretarako udal gobernuaren eta bazkideen sostengu irmoa beharko dutela gaineratuz. Izan ere, hitzemana eta lortua dago lanetarako beharko diren bi mila adreiluren kopurua. Orain artean sukaldea amaituta dago eta bainuak eta idazkaritzako zati bat egiteko adreiluak lortu dira. Hamar urteotako balantzea egiterakoan, Bordenavek Eusko Jaurlaritzatik jaso duten "etengabeko sostengua" eskertu zuen, euren lankidetza eta bidalitako kultur material baliosa.

 saladillo-04 euskal etxea 10. urtemuga

[Urteurren gaua edertzen ibili ziren gazte dantzarietako batzuk]

Bere aldetik, urteurreneko ekitaldietan parte hartu zuen Carlos Gorosito alkateak, 10.000 pesoko txeke bat eman zion igandean Euskal Etxeari, egoitza berriaren eraikuntza lanetarako. Esan zuenez, bere guraria, egoitza agintaldia amaitu aurretik bukatuta egotea litzateke. Bestalde, Pilo Elizagaray-k iragarri zuen Saladillo Argentinako Mus Txapelketa Nazionaleko egoitza izango dela 2010ean, nazio osoko 150 bikote-edo bilduz.

Lotura interesgarriak

Saladilloko 'Itxaropen' Euskal Etxea
www.saladillo.gov.ar/centrovasco



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia