euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Saladilloko egunkariak Euskal Etxetik herriko Zaharren Egoitzari egindako dohaintzaren berri eman du

2009/07/01

Erdian, Silvina Bordenave, Saladilloko 'Itxaropen' Euskal Etxeko lehendakaria, Zaharren Etxeko arduradunekin, alboan dohaintzan emandako oihalez eginiko bi ohe, ohe-gainekin (argazkia ABC-Saladillo)
Erdian, Silvina Bordenave, Saladilloko 'Itxaropen' Euskal Etxeko lehendakaria, Zaharren Etxeko arduradunekin, alboan dohaintzan emandako oihalez eginiko bi ohe, ohe-gainekin (argazkia ABC-Saladillo)

PUBLIZITATEA

Bere atzoko edizioan argitara emaniko ohar batean, Saladilloko ABC-Saladillo egunkariak 'Itxaropen' Euskal Etxeak herriko Zaharren Egoitzari eginiko dohaintza aipatzen du. Berez, Euskal Herritik, Oñatiko herritik datorren laguntza bat da, oñatiarrei hala eskatua, aurtengo negua biziki hotza izaten ari baita Argentinan eta Zaharren Etxean ohe-gain egokien faltan baitzeuden. Saladilloko Euskal Etxea bitartekari, posible izan da oihalok lortzea eta ohe-gainak egitea, dagoeneko euren funtzioa betetzen ari baitira egoitzako egoiliarren oheetan.

Saladillo, Argentina. Egunkariak azaltzen duenez, joan den ostiralean, ekainaren 26an, Saladilloko 'Itxaropen' Euskal Etxeko lehendakaria, Silvina Bordenave, Zaharren Egoitzara hurbildu zen bisitan, bertako presidenteak, Elsa Gregorini de Brunok gonbidaturik. Izan ere, erakutsi nahi zizkion Egoitzako oheentzako ohe-gain dotoreak, oheetan ipiniak gainera, Euskal Etxeak emaniko oihalekin egindakoak.

Dohaintza hauek, beste hainbat bezala, Oñati herri gipuzkoarreko biztanleen alkartasunari esker heldu dira, euskal herri horrek José C. Paz-ekin duen harremana medio. Saladilloko Euskal Etxeak bideratu ahal izan du laguntza hau, Altamira jaunaren familiako bat Oñatin bizi delako eta behar ziren lanak egin baititu Saladilloko Zahar Egoitzarentzat beharrezkoa zen material hau eskuratzeko. Izan ere, negua hasi berria da Argentinan, eta hotzak gogor jotzen du, batez ere berogailuak ekonomia egoera dela-eta erabat murriztuta daudenean.

Oñati herri gipuzkoarra lan isil baina aipagarri bezain esanguratsua garatzen ari da azken urteotan alkartasuna mailan. José C. Paz herria, Buenos Aires probintziako txiroenetako bat Altube oñatiarraren lurretan sortu zela-eta, XIX. mendean, erlazioa hasi eta geroztik etengabe bidaltzen dituzte urtean zehar laguntasun kontainerrak, beti ere identifikatutako beharren arabera bildu, erosi edo antolatuak eta banatzeko ere egitura bolondres sendo batean oinarrituta. Laguntza José C. Paz-era dator gehien bat, baina baita beste proeiktu eta ekimen batzuetara ere, kasu honetan bezala, normalean oñatiarren bat edo euskal etxeren bat tarteko.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia