euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Saladillo eta Cañuelasko euskal etxeek gonbidaturik bere “Euskal Baserrietako Sukaldaritza” aurkeztu du Marita Echavek

2014/10/29

Marita Echavek  “Euskal Baserrietako Sukaldaritza” aurkeztu du Saladilloko euskal etxean
Marita Echavek “Euskal Baserrietako Sukaldaritza” aurkeztu du Saladilloko euskal etxean

PUBLIZITATEA

Aurkezpenaren baitan eta liburuan bildutako errezetak eredu, pintxoak prestatu zituen sukaldari cordobatarrak euskal etxeetako laguntzaileekin batera, publikoak dasta eta goza zitzan. Alabaina, eta bere ekidaldi guztietan ohi duenez, janaria prestatzearena aurkezpenaren zati bat baino ez zen izan… hainbat sukalde kontu bitxi eta euskal pasadizo ere partekatu zituen liburuaren egileak jendearekin. “Euskal Baserrietako Sukaldaritza” eskuratzeko, Echaverekin jarri behar da kontaktuan emailez edota Facebook-en bidez.  

Saladillo, Argentina. Urriaren 23an eta 24an “Euskal Baserrietako Sukaldaritza” liburuaren aurkezpen bana egin zuen Coronel Moldesko Gure Zainak euskal etxeko lehendakaria ere baden Marita Echave idazleak Saladilloko Itxaropen eta Cañuelasko Denak Bat euskal etxeetan. Antzeko programa batekin, menu bera prestatu zuen sukaldariak bi elkarretaratzeetan, anfitrioiek lagunduta: perretxikoak hirugiharrarekin eta piperrak txistorrarekin (eta osagai hauekin pintxoak), eta aurkezpenaren amaieran, limoi pastela.

EuskalKulturarekin solasean, topaketa hauen garrantzia goraipatu digu Marita Echavek: “Baliagarriak dira jendea elkartzen eta biltzen dutelako. Eta elkartze horiek arbasoengandik jasotako errezeten inguruan egiten dira, odol loturak eta komunean ditugun esperientziak eta kultur ondareak bultzatuta”. Bide batez, esker beroak adierazi nahi izan dizkie jardueren antolatzaileei eta liburua erosi duten lagunei. “Eraman nituen liburu guztiak saldu nituen, bat ere ez zitzaidan geratu” jakinarazi digu Echavek. Hala ere, “Euskal Baserrietako Sukaldaritza” liburua eskuratu nahi dutenek, egilearekin kontaktatzea baino ez dute, emailez (maritaechave@moldescoop.com.aredota Facebooken bidez (Marita Echave). Liburua 120 pesotan dago, gehi bidaltze gastuak.

Euskal etxeetatik ere Echaveri egindako bisita eskertzeko eskatu digute, batez ere Saladilloko Itxaropen euskal etxeko kideek, hau izan baitute lehenengo jarduera euskal etxearen egoitza berri dotorea estreinatu eta gero.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia