euskal diaspora eta kultura
2011/02/02
PUBLIZITATEA
Iruñea, Nafarroa. Joan den urtarrilean argitaratu zuten sarean 'Bihotzetik mundura' abestiaren bideoa Hesian taldekoek eta dagoeneko makina bat bisita izan ditu. Boiseko Ikastolarekin batera egin dute sakanarrek abestia: Boiseko ikastolan letra idatzi zuten eta gero nafarrek musika konposatu eta hitzak egokitu zituzten. Kolaborazioa halabeharrez gauzatu zela esan daiteke, baina nafarrak pozik agertu dira Idahoko eta AEBetako euskaldunen berri izateko aukera eman dien proiektu honekin.
"Ikastolakoek aspalditik zuten abesti bat egiteko ideia eta euskal talde baten bila ari ziren horretarako. Ikastolako langile batek taldea ezagutzen zuen, egia esan taldeko baten neskalaguna ezagutzen zuen, eta harek jarri gintuen kontatuan", azaldu dio EuskalKultura.com-i Franek, taldeko egungo kantariak.
Lehen kontaktua iazko martxoan izan zen eta sakanarrek udan idatzi zuten abestia, Boisetik bidalitako letran oinarrituta. Baina irailean taldeak abeslari berria hartu zuen eta urtarrila arte ezin izan zuten grabatu. Urtarrilean jarri zuten abestia sarean, eta orain, letrak dioen bezala, kantua mundurako bidea egiten ari da internet bidez. Hesian-en hurrengo diskoan agertuko da kantua eta taldeak zuzenekoetan abesten du jada, Boiseko ikastolaren proiektuaren berri emanez Euskal Herriko bazterretan.
"Ikaragarria da ikustea Euskal Herritik kanpo euskal kulturaren inguruan egiten den lana. Kristoren indarra ematen digu horrek", dio kantariak. Lan horren eredu da Boiseko Ikastolaren proiektua. Ikastola 1998an sortu zen, Boiseko euskal komunitateko gurasoek sustatuta, euren seme-alabei euskara lagun artean eta jolasean ikasteko aukera emateko. Sei urtetik beherako neska-mutilak ibiltzen dira ikastolan, gehienak euskal jatorridunak, baina bada euskal arbasorik ez duenik ere.
"Entzuna genuen inoiz, bazegoela euskal komunitate bat Ameriketan, baina orain enteratu gara nola funtzionatzen duen benetan", aitortzen du Franek. Proiektuarekin hasi eta iazko udan Boiseko euskal mundua zertxobait gehiago ezagutzeko aukera izan zuten, bertako euskal komunitateak antolatzen duen Jaialdi elkarretaratze erraldoiaren berri Euskal Herriraino heldu baitzen. "Boiseko alkateari egin zioten elkarrizketa bat entzun nuen, eta harrituta gelditu nintzen harek egiten zuen euskara perfektuarekin! Hemengo askok horrela egingo balute...", dio kantariak.
Euskal komunitate hori zuzenean ezagutzeko gogo itzela dute orain Hesian taldeko kideek eta etorkizunean kantua Boisen aurkezteko aukera izatea espero dute.
-Boiseko Ikastolaren webgunea, hemen
-Hesian taldearen webgunea, hemen
'Bihotzetik mundura' kantuaren letra:
Artzainen ogibide
Boiseko ardiak
Euskal Herritik irten
Amets horren bila
Kultura ta hizkuntza
Beti bihotzean
Euskara lotzen dugu
Kaletik sortzean
Barruan daramagu
Arbasoen hitza
Groveko plaza honi
Emanez bizitza
Zahar bilakaturik
Garaiko gazteak
Gaur bilobak dituzte
Hizkuntzan askeak
Ekar dezagun
Denon ahotsera
Euskara degu
Gure bandera
Bere arnasa
Bilakatu gera
Boiseko herritik
Mundu zabalera
Hamarkada beteta
Indarrez ardia
Jositako haria
Urteen lanaldia
Euskaldunon bidea
Eraikitzekotan
Boiseko ikastola
Ez utzi inoiz lotan
Euskara dugu, euskaldunak gara
Barruan daukagunaren islada
Boiseko trena da gure galtzada
Bere doinua da gure taupada
Ekar dezagun
Denon ahotsera
Euskara degu
Gure bandera
Bere arnasa
Bilakatu gera
Boiseko herritik
(Bihotzetik) Mundu zabalera
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus