Ameriketan iparralderago dagoen euskal komunitatea da, Quebec-ekoarekin batera, Saint Pierre eta Miquelon irletakoa, Ternuatik 25 bat kilometro hegoaldera. Hara bale eta bakailaoaren atzetik joan ziren euskal arrantzaleak.Egun euskaldunen ondorengo batzuk bizirik mantentzen dituzte euskal ohiturak, Zazpiak Bat Euskal Etxea eta Euskal Pilota Liga elkarteen bidez. Orain, gainera, elkarlanean hastekotan dira Ipar Ameriketako Ekialdeko kostaldeko beste euskal etxeekin, tartean New England, New York, Washington eta Miami.
Saint Pierre et Miquelon. Euskal Herritik 4.750 kilometrotara daude Saint Pierre eta Miquelon artxipelagoa osatzen duten irlak, Ternuatik hegoaldera, Kanadako kostaldearen parean. Honaino heldu ziren euskal arrantzaleak, bale eta makailau bila, eta euren arrastoak eta eraginak bizirik dirau gaurdaino, izan bertako hainbat toki izenetan edo izan hango biztanleen pilotazaletasunean.
Saint Pierre irlako eraikin deigarrienetako bat, esaterako, Zazpiak bat izeneko frontoi gorria da (bertakoek Zazpi esaten diote, laburrean). 1906an eraiki zen. Saint Pierreko Euskal Pilota Ligako David Lamoreux-ek EuskalKultura.com-i azaldu dionez, 2010ean trinkete bat ere eraiki zen, neguan ere jokatu ahal izateko. Zazpiak Bat Euskal Etxearen ondoan dago trinketea. Lamoreux-ek zehazten duenez. Pilotariak haur-mailan hasten dira elkartean, bost urterekin. Ligak urtero urtero pilota irakasle bat ekartzen du, askotan Euskal Herritik, irlako pilotarien maila hobetzen laguntzeko.
Pilotarien ahaleginak erakusteko urteko unea txapelketatan eta urtereko Saint Pierre eta Miquelongo Euskal Jaian izan ohi da, abuztuko hirugarren astean. Bertan pilota saioak, herri kirol erakustaldiak, euskal dantza ikuskizunak eta euskal gastronomia dastaketak antolatzen dira.
Iazko festan New England Euskal Etxeko gonbidatuak bertaratu ziren Estatu Batuetatik, pilota eta herri kirol erakustaldietan parte hartzen. Esperientzia oso ona izan omen zen eta orain Saint Pierreko elkartea Ipar Ameriketako ekialdeko beste euskal etxe eta elkarteekin hizketan ari da --Miami, Washington, New York, New England eta, zergatik ez, Trois Pistoleseko Parc de l'Aventure Basque en Amerique leudeke hor-- kultur eta kirol jarduerak egiteko elkarlanean hasteko.
Jarraian, 2014ko Euskal Jaiaren irudi batzuk: