St Pierre, St Pierre eta Miquelon. Moldaketa batzuk egin behar izango dira, baina azkenean, zalantzak nagusi izan diren denbora baten ondotik bertako Euskal Etxeak eta autoritateek jakinarazi dute aurten egin egingo dela urtero abuztuan St Pierren egiten den Euskal Besta. Jaiak abuztuaren 10etik 16ra garatuko dira, osasun-agintariek finkatutako nerriak zorrotz segituz, distantziak mantenduz, musuko eta babestaileak eramanez eta gel hidroalkoholikoa eskuragai ezarriz bestaren eremu osoan.
Aurtengo bestak bertako jendearekin egingo dira gehienbat, geografikoki Ipar Ameriketako ekialde kostaldean egon dagoen, baina Frantziako estatuko parte den artxipelago honetan. Aurten ez da Euskal Herriko pilotari edo kirolaririk ekarriko eta ez dira europar kontinenteko euskal musikariak gonbidatuko besta girotzeko: bertako kirolari, musikari eta partaideekin moldatuko da aurtengo edizioa. Uhartea izatean ez dute nahi irlatasun horrek pandemiarekiko eman dien abantaila, denbora baino lehen kanpoko jende anda bat etorri delako hondatzea.
Orok Bat-eko dantzariak St Pierre-ko kantxan Euskal Bestarako prestatzen (irudia Pilota Liga)
St Pierreko Pilota Elkarteko buru Dimitri Choi TV frantsesak elkarrizketatua Euskal Bestaz (irudia la1ere)
St Pierretik, Michel Goïcoéchéa euskal elkartekideak baieztatu dio EuskalKultura.eus-i, COVID-19aren ondorioz, aurtengo jaiak erebat tokikoak izango direla. "Ezpeletako txarangaren eta Euskal Herriko pala pilotarien presentzia datorren urtera atzeratu dugu, beraz, hemengo musikari eta pilotariak bakarrik izango ditugu; animazioa Orok Bateko dantzarien esku eta gure euskal abesbatzaren ahotsen esku egongo da".
Aste osoa irauten duen Euskal Bestako programako parte, hainbat tailer, haur, gazte eta helduei eskainiak, tartean Saint Pierreko Euskal Bestako osagai ezinbestekoa diren pilota eta herri kirolak, musika, kantua, gastronomia eta dantzak, bertako euskal etxeko zein euskal pilota ligako kirolari, dantzari, sukaldari, korukide eta partaideen eskutik.
Igandea (agorrilaren 16) izango da ohi bezala egun nagusia: "herri-kirolak (sokatira, txingak, etab.), euskal bazkari tradizionala, dantzariak eta berbenarekin, nahiz eta azken kasu honetan musikariak ez diren euskaldunak izango". Bestalde, "Kanadako muga itxita dago, uztaila amaitu arte behintzat, eta hortik aurrera ere ez dakigu gauzak nola eboluzionatu duen". "Inoiz baino jai lokalagoak izango dira", berresten du Goïcoéchéak.