euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Saint Pierre eta Miquelon irletan Euskal Jaia egin zuten, ondareari eutsiz Atlantikoz bestaldean (bideoa)

2011/09/20

Pilota eta herri kirolak izan ziren eguneko proagonistak Saint Pierre eta Miquelongo Euskal Jaian (argazkia http://www.tourisme-saint-pierre-et-miquelon.com)
Pilota eta herri kirolak izan ziren eguneko proagonistak Saint Pierre eta Miquelongo Euskal Jaian (argazkia http://www.tourisme-saint-pierre-et-miquelon.com)

PUBLIZITATEA

Ternuara arrantzan joan ziren euskaldunen ondorengoak dira Saint Pierre eta Miquelon irletako biztanle asko. Aspaldi galdu zen bertan euskara eta laugarren belaunaldiko euskaldunak dira gehienak, baina, nahiz eta Euskal Herritik oso urrun egon, tinko eusten diete sustraiei. Euskal nortasuna, janaria eta, batez ere, kirolak, dira Saint Pierre eta Miquelongo euskaldunen ezaugarriak eta harro erakutsi zituzten iragan irailaren 11an ospatu zuten Fete Basque jaialdian.

Saint Pierre et Miquelon. Saint Pierre eta Miquelon irlak Frantziako itsasoz bestaldeko lurralde dira, baina euskal ondareak presentzia handia du inguru hauetan; izan ere, XVI. mendean bale arrantzaleak etortzen hasi zirenez geroztik euskal arrantzale asko bertan gelditu ziren. Egun ez dago euskal emigrazio berririk, baina euskal ondareak sendo dirau.

Iragan irailaren 11an urteroko Euskal Jaia ospatu zuten, eta Allende Boutin, Emmanuel Galerne eta Myriam Ayçaguer kazetariek erreportaia egin zuten France 3 kateko Le Magazine du Pays Basque albistarirako. Bideoa ikusteko egin klik hemen.

Euskal Jaia ezinbesteko hitzordua izan da azken 30 urteetan Saint Pierreko biztanleentzat, bideoan Euskal Etxeko presidentea den Leo Haranek azaltzen zuenez. Ia mila lagun bildu ziren bestara eta, euskal janaria dastatzeaz gain, pilota partidak ikusteko aukera izan zuten. Iganden aste osoan zehar jokatu zen txapelketaren finala izan zen eguneko ardatzetako bat.

Bestea, herri kirolak; Saint Pierre eta Miquelongo biztanleek biziki maite duten beste euskal tradizio bat. Uharteko haurrak herriko Zazpiak Bat trinketean kamioi baten aurka aritu ziren sokatiran (eta irabazi, gainera) eta beste probetan ere gazte asko aritu ziren lehian.




« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia