euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sagardozaletasuna gora ari da Estatu Batuetan: EHkoa gogor ari da sartzen eta euskalduna inspirazio, bertan ari dira egiten

2017/10/20

Elkoko Ogi otartekoleku eta deli-a eta bertako nagusi & langile diren Anamarie (Sarratea) eta Mikel Lopategui (arg EuskalKultura.com)
Elkoko Ogi otartekoleku eta deli-a eta bertako nagusi & langile diren Anamarie (Sarratea) eta Mikel Lopategui (arg EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Aurkezpen eta dastaketek balio dute eta Euskal Herrira joandako estatubatuarrek, bertan ikusi eta dastatutakoa maite eta euren herrikideei ere gustatuko zaielakoan egindako apustuak ere hor daude. Azken urteotan, txakolina eta euskal sagardoa bezalako produktuek aurrerakada nabaria egin dute AEBetan. Gero eta gehiago ematen da, baina, estatubatuar ez-euskaldunek "Basque" marka daukaten sukaldaritza eta ostalaritza proiektuetan sartzea. Sagardoari dagokionez, esaterako, Peter Yi-k euskal estiloko sagardoa egiten du gaur egun Brooklynen, eta sagardoleku bat zabaldu nahi du aurten bertan. Gaurko hasiko da New Yorken Sagardoaren Astea.

New York, AEB. Iaz Washington hiriburuan, euskaldunak ardatz hartu zituen Smithsonian Folk Festivala eta egun batzuk geroago zabaldu zuten Anxo sagardotegia. Lekuak ohore egiten die Euskal Herriko sagardotegi eta bodegoiei, eta Estatu Batuetan finkatzen ari den jatetxe/janedaritagei formato berri bati erantzuten dio. Ohiko euskal pintxoak dauzka eta 'euskal' jatekoa ematen du, eta sagardo eta edari aldetik, bateko eta besteko marka, modu eta tradizioko emaitzak zerbitzatzen ditu. Esan nahi baita, sagardoaren kasuan, Euskal Herriko sagardoa(k), baina baita ere Estatu Batuetako sagardo aukera zabala eskaintzen du, baita Asturiasko sagardorik ere... hamaika aukera ematen ditu hango eta hemengo estilo eta moldeko sagardoak dastatzeko. Eskaintza, garagardo karta batekin osatzen du, vermouth-ekin (tartean euskaldunak ere) eta ardoekin (Errioxako eta Irulegiko ardoa ere badu), ahaztu gabe sagardoz eginiko koktelak ere proposatzen dituela.

Amerikarrek amerikarrentzat "Basque" markapean sortutako beste adibide, sagardoa eta txakolina ere zerbitzatzen duena, baina beste eredu bati segituz, Atlantako 'Cooks and Soldiers' jatetxea izango genuke. Izenak bat baino gehiago despistatuko du, baina 'Cooks and Soldiers' honek 'Sukaldariak eta Soldaduak' esan nahi du, eta Donostiako danborradako bi danborjole motak adierazi nahi ditu. Bere burua, beraz, Donostiari, 'Basque' markari eta euskal ohiturei lotzen dizkio, amerikar erara, eta 'pintxos and asador' gisa definitzen da. Atlantan, ez dago egia esan, euskal komunitate sendo antolaturik, eta nahiz eta inguruko euskaldunak biltzearren sortu berria den euskal etxeak bertan bilerarik egin duen, euskal gauzen begirada yanki bat eskaintzen duela esan daiteke. Euskal Herriko festak (San Sebastian eguna, Sanferminak, Baionako bestak...) baliatzen ditu menu bereziak eta jai bereziak antolatzeko, euskal eta espainiar ikutuko hitzorduak babestuz.

Ez dugu artikulu hau idazterakoan asmo exhaustiborik, baina Estatu Batuetan  'Basque' marka daramaten leku berriak aipatzerakoan, burura datorkigu Nevadako Elkon Mikel Lopategui eta Anamari Sarratea senar-emazte euskal-amerikar gazteek zabaldutako Ogi otartekoleku, taberna edo kafetegia (delicatessen). Jatekoarekin (pintxoak ere baditu) egoki uztartzeko, hemen ere euskal sagardo marka aukera bat topatuko duzu, Euskal Herri hego eta ipar aldeko sagardoa, baita estatubatuarren bat ere, tokiaren berezitasuna otartekoak eta etxean bertan europar moldean egindako ogia bada ere (hortik lekuaren izena). Kasu honetan, 'Basque' izenak bai duela atzean euskaldunik, eta gainera Euskal Herria ongi ezagutu eta Nevadako euskal kulturan hazi diren bi pertsona. Jatorri bizkaitarrekoa da Mikel, eta osaba du Jon Lopategi bertsolari muxikar handia. Anamariren familia, berriz, nafarrak dira, Baztandik Nevadara emigratutako familia zabala.

Jauzia ematen dugu ekialde kostara eta ostegun honetan bertan, artikulua argitaratu du New Yorkeko egunkari batek, Brooklynen sagardoari buruz garatzen ari den ekimen baten inguruan. Sustatzailea, Peter Yi izeneko estatubatuarra da, eta ardozale izatetik sagardozale amorratu izatearen errua Euskal Herrira duela 25 urte egin zuen bidaia bati egozten dio. Sagardoarekin orduantxe maitemindu zela dio Peter Yi-k. Orain, sagardogile da New Yorken, Brooklyn Cider House-ri lotua. Ekimen honetan arreba eta lagun bat sartu ditu eta urtea bukatu aurretik sagardotegia zabaldu nahiko luke Bushwick-en, 1100 Flushing Avenue helbidean. Bost sagardo mota egiten ditu. Sagardotegia zabaltzen duenean, bereaz gain, New Yorkeko, Oregoneko, Normandiako eta Euskal Herrikoak ere izango ditu, zaleen gozagarri.

Gaur New Yorken Sagardoaren Astea hasiko denez (urriaren 20tik 29ra), datozen egunetan New York inguruan sagardoari lotuak zenbait proposamen eta aukera topatu ahal izango dira, besteak beste Txikito edo Ortzi jatetxeetan.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia