Buenos Aires, Argentina. Argentinan egindako ‘Txapela’ euskal sagardo naturalak gonbite berezi bat luzatzen die euskal ohitura gastronomikoak gustuko dituztenei: Ekainaren 5etik uztailaren 4ra Euskal Herriko sagardotegien menu tipikoaren bertako bertsioa –bakailao edo abadejo tortila, txuletoia, eta gazta, menbrilo eta intxaurrekin– eskainiko dute Rosario eta Buenos Airesko lau jatetxek, Txapela sagardoa lagun dutela. Sagardoa, Euskal Herriko sagardotegietan bezala, kupeletatik hartu ahal izango dute mahaikideek, ohiko ‘Txotx’ gitza entzun ondoren.
Sagardotegi hilabetea honako jatetxeetan egingo da. Erreserbak ezinbestekoak dira eta sare sozialetan bidez egin daitezke. Hona datak:
-Ekainaren 5ean, asteazkena, gaueko 9etan, Zazpirak Bat Jatetxean, Rosarion (Facebook, Instagram)
-Ekainaren 20an, osteguna, gaueko 9etan, Sagardi Jatetxean, Buenos Airesen (Facebook, Instagram)
-Ekainaren 26an, asteartea, gaueko 9etan, Burzako Jatetxean, Temperleyn, Buenos Aires probintzian (Facebook, Instagram)
-Uztailaren 4an, osteguna, gaueko 9etan, Amalur Jatetxean, Buenos Airesen (Facebook, Instagram)
‘Txapela’ proiektuko arduradun eta Patagonia-Astigarraga SAS enpresako zuzendari Xabier Agirrerekin mintzatu da EuskalKultura.com eta ekile euskal-argentinarra erabat gogotsu eta baikor agertu da proposamenarekin: “Poz-pozik gaude. Urrats berria da eta menu tipikoarekin eta gure sagardoarekin benetako euskal sagardotegi bihurtuko dira partaide bildu zaizkigun euskal jatetxe argentinar hauek”.
Gogora dezagun ‘Txapela’ sagardo berria Patagonia-Astigarraga SAS enpresa argentinarraren ekoizpena dela, Astigarragako Petritegi Sagardotegia gobernatzen duen Otaño-Goikoetxea familia tarteko. ‘Txapela’ri buruzko informazio gehiago, hemen.