Urtean behin antolatzen duten Sagardotegi Gauaz gozatu ahal izan dute Boiseko euskaldunek pasa den urriaren 3an. 190 bat lagun bildu ziren, beste urte batez, Jesus Alcelay sukaldariak prestatutako otordura. “Lagun, laguntzaile eta euskal sukaldaritzan ikono dugu Jesus”, esan dio EuskalKultura.com-i Lael Uberuagak, Oinkari Dantza taldeko bozemaileak. “Ederra izan zen gaua, oso arrakastatsua”. Sagardoa Astigarragatik etorri zen zuzenean Bereziartua ekoizleak ekarria.
Boise. AEB. 190 bat lagun batu dira 2015eko Sagardotegi Gauera, Boiseko Oinkari euskal dantza taldea diruz laguntzeko. “200 lagun baino ezin ditugu euskal etxean sartu eta gutxigatik ez genituen sarrera guztiak saldu”, azaldu digu Uberuagak. 30 bat dantzari aritu izan dira prestaketa lanetan eta nerabeei zerbitzari lana egokitu zitzaien. “Oso ondo egin zuten –aitortu du Uberuagak−. Afalostean, batek baino gehiagok esan zidan oso modu onean egin zutela lan”.
Sagardotegietako ohiko menua prestatu zuen Jesus Alcelayk: bakailao tortilla, bakailaoa pil-pil saltsarekin, txuletoia, eta gazta, intxaurrak eta irasagarra. Bereziartua sagardo nahi beste zegoen eta, sagardozale izan ez baina Oinkariak laguntzera hurbildu ziren horientzako, bazeuden ere pare bat garagardo kupel.
Oinkariek beren webgunean iragartzen duten lez, sagardotegiaren ekimenarekin Oinkariek Euskal Herrira joan eta bertan euskal dantza gehiago ikasi eta bertako taldeekin elkarlana sustatzea dute helburu. Horretarako behar duten dirua, mota honetako afari eta festekin eta antzeko ekimen eta lanekin ateratzeko asmoa daukate.
Gaur egun 45 dantzari ditu taldeak, 11k unibertsitate ikasketak hasi baitituzte eta ez dute, ondorioz, horrenbeste denbora. Bi maila desberdinetan daukate banatuta taldea: hasiberriak alde batetik eta esperientziadunak beste alde batetik. Teresa Franzoia da emakumeen burua eta Ben Monasterio gizonezkoena. Elise Overgaardek jarraitzen du presidente.