euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sagardogile aritu ziren New England Basque Club-eko euskaldunak aurreko asteburuan ospatutako jaian

2015/11/03

Jesus 'Meabe' Basterretxea eta Mary Guerenabarrena, sagardoa egiten datorren urteko Sagardo Egunerako prest edukitzeko asmotan (Argazkia: R.G.)
Jesus 'Meabe' Basterretxea eta Mary Guerenabarrena, sagardoa egiten datorren urteko Sagardo Egunerako prest edukitzeko asmotan (Argazkia: R.G.)

PUBLIZITATEA

Urriaren 24an ospatu zuten New England-eko Euskal Etxeko kideek (AEB) urteroko Sagardo Eguna. 80 lagun baino gehiago bildu zirela esan diote arduradunek EuskalKultura.com-i. Herri kirolak, jatekoa, hitzaldi bat eta, lehenbizikoz, sagardogintza ere zuten programatua. “Ederto baten” aritu zirela adierazi du Roberto Guerenabarrena kideak.

Middletown, AEB. Ez ziren ehun izan, baina laurogeitik gora lagun bai. Jendetza bildu zen, urriaren 24an, New England Basque Club-eko urteroko Sagardo Egunera. Barbakoan erretako jatekoez, sagardo, ardo eta garagardoaz gozatuaz batera, herri kirolekin ospatu zuten eguna bertaratutakoek.

Horrez gain, esfortzu ekonomiko aipatzekoa egin zuen Euskal Etxeak Begoña Echeverria idazle euskal-kaliforniarra gonbidatzeko, duela urtebete inguru argitara eman zuen The Hammer of Witches liburuari buruz berba egiteko. “Klubaren helburuetako bat euskal kulturarekin harremana duten programak ugaritzea da”, esan du Sergio Sotelo lehendakariak.

Sasoian sasoikoa

Egun ederra izan zutela esan du Roberto Guerenabarrenak, eguraldia lagun: “Lehen baino freskotxuago egiten dau baina egun polita izan genduan”. Eta hotz puntu horri aurre egiteko izerdi pixka bat botatzea baino ezer hoberik ez. Ez ohiko moduan, baina. Rhode Island inguruan (AEB) dauden sagarrak profitatuz, sagardoa eginez baizik. Gauza euskaldunagorik?

Guerenabarrenaren gidaritzapean, bost-hamar minutuz aritu ziren gerturatutakoak sagarrak zapaltzen. “Oso prozesu erreza da –esan du sagardo zaleak−; matxakadorea  deitzen dan makina bategaz sagarrak apurtu behar dira lehenengo eta, gero, zapaldu edo prentsatu, prentsagaz. Horregaz mostoa, zukua egiten da, eta hori be edan leike. Eta oso ona da, adiktiboa!”. Gerora, hamar bat egun itxaron behar dira kimikoak eta pestizidak botatzeko eta, egun bi inguru igarota, legamia. Beste hamar egun pasata, jalkina kendu eta baretzen utzi. Hiru hile barru, etxean egindako sagardoa izango duzu.

Robertok berak eraman zituen makinak, orain urte batzuk, Jesus Meabe Basterretxea lagunarekin batera, sagardoa egiten hasi baitzen, Kevin Morrisey-rengandik ikasita. Meabek eta Guerenabarrenak 55 litro luze egin zituzten jaialdia baino lehen. Jaian bertan 20 litro egin zituzten denen artean eta, jaiaren osteko astean, beste 55 bat egin zituen bi laguneko koadrila sagardo zaleak, beste zazpi kide gonbidatuta. Guztira, 130 litro. “Datorren urteko jaian erabiliko doguz, edateko, emoteko, rifaren bat egiteko… ikusiko da”, amaitu du pilotari ohiak.

Webgune berria

Bestalde, aipatu Interneteko presentzia areagotu eta itxuraldatu asmoz, New England Basque Club-ek web atari berria estreinatu duela. Aurrekoa baino sinpleagoa da, erabiltzeko errazagoa eta intuitiboagoa. Kuxkuxeatu egizu hemen klik eginda.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia