euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sagardo Gaua ospatu ostean, Bruselako Euskal Etxeak Zetak-en kontzertu bat iragarri du hiriburu europarrean

2024/09/17

Pello Reparaz buru duen Zetak taldeak kontzertua eskainiko du Bruselako areto batean azaroaren 15ean. Erosi zure txartelak
Pello Reparaz buru duen Zetak taldeak kontzertua eskainiko du Bruselako areto batean azaroaren 15ean. Erosi zure txartelak

PUBLIZITATEA

Brusela, Belgika. Joan den urtearen hasieran ezinbestean bertan behera utzi behar izan zuten kontzertua azaroaren 15ean emango du Pello Reparaz nafarra buru duen Zetak taldeak Bruselan, Molenbeek-eko VK aretoan. Data berria adierazteaz gain, hiriburu europarreko BEE (Bruselako Euskal Etxea) elkarteak iragarri du harrera-ekitaldi bat antolatuko diela euren egoitzan (kontzerturako sarrerak hemen salgai) eta Euskal Etxeko bazkideek deskontu berezia izango dutela.

Gogora dezagun Bruselako Euskal Etxeak (BEE) joan den larunbatean, irailaren 14an, ekin ziela 2024-2025 ikasturteko bere jardueraei, ekin ere Sagardo Gaua antolatuz bere egoitzan, txotxean zerbitzatua, bi dokumental ere jendaurretuz, Endika Basaguren eta Amaia Hormaetxearen 'Euskara sukaldatzen' eta 'Txipli, txapla Pum Amerikatik', hori guztia Euskal Diasporaren Eguneko jardunaldien barnean. EEaren ikasturte berriko ekitaldi guztietara gonbidatzeko baliatu zuen hitzordua.

Euskara eta Txalaparta Abesbatza

Ziklo berrian Euskal Etxeak euskara eskolekin jarraituko du Nia Acosta irakasle. Klaseak online segitu ahal izango dira, irakatsitako diren mailak A1, A2, B1 eta B2 izanik. “Euskal Etxean irakasle bezala dudan esperientzia. zoragarria da izan da hasieratik eta ikasleek klaseak pozarren segitzen dituzte. Orokorrean ondo moldatzen dira eta erraz egiten dute aurrera”, adierazi du Niak EuskalKultura.eus-ekin solasean.

Euskal Etxeak "betidanik" egin eta eskaintzen duen beste jardueretako bat kantatzeari dagokiona da. 'Txalaparta Abesbatza' du izena Bruselako euskal koralak eta Patrick Valls maisua zuzendari dihardu. Entseguak larunbat goizetan dira, Euskal Etxearen egoitzan. “Oso talde inklusiboa gara; hizkuntza ez da batere oztopoa”, jakinarazi du EEak, deia eginez kantatzea gustukoa duten guztiei euskal etxera idatzi edo zuzenean entsegu egun batera gerturatu daitezen.

Musa, Olentzero, Agate Deuna

Ikasturteak aurrera egin ahala, Euskal Etxea proposamen gehiago plazaratzen joango da. Urtero egiten dituzten jarduerak mantenduko dituzte: Mus Txapelketa antolatuko dute, abenduan Olentzero Jaia eta Euskararen Eguna ospatuko dituzte eta, tradizioari eutsiz, Santa Ageda egunean ere bildu eta kantari aterako dira hiriko kaleetan barrena. Baina sorpresak ere agintzen dituzte, eta prest daudenean baieztatuko dituzte, esaterako euskal musikarien kontzertu gehiago. Izan ere, interesa izan dazaketen Euskal Herriko taldeak jar daitezke harremanetan eurekin, bisitaren baten aukerak aztertzearren.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia