euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sagardi kateak atzo inauguratu zuen Buenos Airesen Argentinako bere lehen euskal taberna

2009/02/25

Pintxoen barra Sagardi San Telmon
Pintxoen barra Sagardi San Telmon

PUBLIZITATEA

Buenos Aireseko San Telmo auzoak Sagardi jatetxearen inaugurazio ofiziala bizi izan zuen atzo, euskal komunitatearen ordezkaritza zabala bertaratu zelarik. Sagardi-San Telmo Bartzelonan, Madrilen eta Andorran, besteak beste, jatetxeak dituen euskal taberna kate bateko azken inaugurazioa da. Buenos Aires izan da kateak nazioartekotze prozesuan aukeratu duen lehen egoitza eta, nahiz eta jatetxeak ateak joan den abenduan ireki zituen, atzo egin zuten irekiera ofiziala.

Buenos Aires, Argentina.  Euskal jatetxe berri batek bat egin du orainarteko Buenos Aireseko euskal gastronomia eskaintzarekin: Laurak Bat edo Iparraldeko Euskal Etxeko jatetxe klasikoez gain orain Sagardi jatetxeak ere eskaintzen du euskal gastronomia, San Telmo auzoan. Jatetxeko zuzendaria, Iñaki Lopez de Viñaspre da eta sukaldari nagusia Arkaitz Etxarte euskalduna. Sagardi-San Telmok (Humberto 1, Balcarce eta Defensa artean) 80 pintxo desberdin eskaintzen ditu eta baita euskal jaki tradizionalek osaturiko karta ere.

Jatetxeko giroaren ezaugarri deigarria da euskal musika berriena entzuten dela bertan eta baita ere pintxoak jateko era: bakoitzak platerara nahi duena atera eta gero platerean gelditzen diren txotxen arabera (bat pintxo bakoitzeko) ordaindu. Zerbitzariek era euskaldun tipikoan botatzen dute sagardoa eta txakolina, eta agerian dagoen parrilla erraldoian txuletak 'behar den moduan' egiten dira. Barazkiek eta arrain freskoek osatzen dute karta, ardo aukera zabalarekin.

Euskal giroa inaugurazioan

Nahiz eta jatetxeak joan den abenduan ireki zituen ateak, atzo bertan egin zen inaugurazio ofiziala. Sagardiren bezero potentzialak argentinarrak eta turistak dira, baina euskal komunitateak ere izango du tartea bertan. Euskaldunen erantzuna ona izaten ari da, Lopez de Viñasprek azaltzen duenez: 'Laurak Bat elkartean egon nintzen proiektua aurkezten eta 70 lagunek eman zuten izena inaugurazioarako'.

Jatetxeaz gain Sagardi San Telmok Sagardi Loft Osteria izeneko hotel txikia ere badu. Hotela jatetxearen goiko solairuan dago eta suite batek eta zortzi loftek osatzen dute. Solariuma eta igerilekua ere badu hotelak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia