Plentzia, Bizkaia. Merkataritza-ontzidiko kapitaina da Sabino Laucirica. Behin, plentziarrak Placentia izena aurkitu zuen Kanadako mapa batean, eta, jakiminez, bere Plentzia eta Ternuako herri haren arteko harremana ikertzen hasi zen. Antza, euskal baleazaleek jarri zioten izena portu hari, XVI. mendean, Plentziako badiaren antza zuelako. "1547ko Kallard-en mapan agertzen da lehen aldiz izen hau", agertu dio Lauciricak EuskalKultura.com-i. Placentia Ternuako hiriburu izan zen 1662tik 1713a arte.
Aurkikuntza hura urte askotako ikerketaren hasiera puntua baino ez zen izan, eta aurten, abuztuan, Lauciricak Placentiako Heritage Award saria jaso du, herri honen ondare historikoa ezagutarazten egindako lanarengatik. "Sari hau Placentiaren ondarea babesten dutenei ematen zaie eta orain arte ez du sekula Kanada kanpoko inork jaso", azaldu du Lauciricak.
Hasieran, erreparoekin
Heritage Award sariaren plaka etxean duela, Lauciricak gogoratu du hasieran Placentiako herritarrek ez ziotela ikerketei arretarik jarri. "Arrazoia zera da, frantsesak eta euskaldunak bota ondoren, ingelesek Irlandako jendea ekarri zutela hona. Eta horiek hasieran ez zuten interesik agertu euskaldunen arrasto hauengatik". Hala ere, Laucirica tematu egin zen eta artxiboetan egiten zituen aurkikuntzen berri ematen jarraitu zuen, herritarren jarrera aldatu zen arte.
Lauciricaren esanetan, Red Bay-n San Juan baleontziaren arrastoak aurkitu zituztenean, ikerlarien ahaleginak gune honetara bideratu ziren, eta Placentia ahaztuta gelditu zen. "Ez da indusketarik egin, bertakoak ez direlako horretara jarri. Nire helburua zera da, eurei ulertaraztea bertan duten ondarea zein garrantzitsua den". Gainera, Lauciricak dionez, arrasto horiek arriskuan daude, uhartea oso laua delako eta beroketa globalak eta itsaso mailaren igoerak kaltetu ditzakeelako.
Bizitza eta heriotza Ternuan
Itsas gizona izanik, Lauciricaren esanetan baleazaleek itsas bidaia honetan sufritzen zuten egoera "negargarria" zen. "Ni urte askotan ibili naiz itsasoan eta gaua heltzen denean, inguruan dena itsaso denean, buruari bueltak ematen hasten zara... Pentsa zer izango ote zen hori 25 metroko ontzi batean, eta beste 100 marinelekin. Haietariko asko bidaian hil ziren, eta baita Ternuan ere. Negu oso gogor batean 500 baleazale hil ziren, bertara urtero joaten ziren 2.000 gizonen artetik. Egin kontuak", azaldu du.
Ternuako euskal baleazaleei buruzko liburua Durangorako
Bizi baldintzak hain gogorrak izanik, zergatik joaten ziren hara? "Arrisku horiei guztiei aurre egiten zieten ez abentura-gogoagatik, baizik eta industria oso aberatsa zelako. Balearen koipe kupel batek, adibidez, egungo 5.000 euro balio zezakeen. San Juan ontzia hondoratu zenean Red Bay-n, esaterako, 900 kupel zeramatzan", agertu du.
Baleazaleen abentura gogorrari buruzko datu horiek eta askoz gehiago argitara emango ditu Lauciricak aurki, Eusko Jaurlaritzak plazaratuko duen "Euskal baleazaleen bizitza eta heriotza Ternuan" liburuan. Urrian aurkeztuko da lana eta Lauciricak Durangoko Azokan ere aurkeztea espero du.