euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sabino Arana saria jasoko du bihar Bilbon Diaspora euskal venezuelarreko kide den Jose Maria Bengoa medikuak

2008/01/26

Jose Maria Bengoa (arg. Sabino Arana Fundazioa)
Jose Maria Bengoa (arg. Sabino Arana Fundazioa)

PUBLIZITATEA

Jose Maria Bengoa medikua, Venezuelako euskal Diasporan errotutako gizona eta nazioarteko ospea duen nutrizionista, izango da bihar igandea Bilboko Arriaga antzokian banatuko diren 2008. urteko Sabino Arana sarien ezaugarri den estatuatxoa jasoko duenetako bat. Sarien izena bera duen Fundazio antolatzailetik adierazi dutenez, 'Bengoaren gizarte eta osasun arloko arazoekiko kezkagatik eta talde behartsuenekiko adierazi duen elkartasunagatik', eman diote saria, 'doktoreak 65 urte baino gehiago eman baititu mundu osoan zehar gosea, bidegabekeria eta pobreziaren kontra borrokan'.
Jose Maria Bengoa Bilbon jaio zen 1913. urtean merkatari familia batean. Batxilergoa amaiturik Medikuntza ikastea erabaki zuen, premia handiena zutenei laguntzeko kezka izan baitu beti. 1936an bukatu zituen ikasketak eta sendagile boluntario moduan igaro zuen gerla. Bilbo erori baino bi egun lehenago Frantzira joan zen. Han urtebete eman ondoren Caracasen bizimodu berria hastea deliberatu zuen, bertako lehenengo erbesteratua izan zen.

Venezuelan sortu zitzaion nutrizio arazoekiko bokazioa, bertako umeen arazo larriak ikusiz. 1940an Nutrizio Institutu Nazionala eta Nutrizionista Eskola sortu zuen eta hamabost urte beranduago Osasunaren Mundu Erakundetik deitu zioten beraiekin lan egiteko. Mundu osoan zehar ibili zen tokian tokiko planak zehaztuz eta emaitza bikainak lortu zituen. 1974an Venezuelara itzuli zen baina Euskadin ere egiten zuen lan. Bere ibilbide garrantzitsu eta emankorra dela eta, Sabino Arana Fundazioak saritu egingo du Bengoa doktorea.

XIX. edizioko gainontzeko sarituak Santiago Carrillo, Cristina Iglesias eskultorea, Almudena Cid gimnasta eta Vicinay Cadenas enpresa izango dira. Sarien banaketa datorren igandean, eguerdiko hamabietan hasiko da Bilboko Arriaga Antzokian, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria buru. Musika aldetik, Andrzej Olejniczak saxofoijolea arduratuko da ekitaldiaz.


Lotura interesgarriak

Sabino Arana Fundazioa
www.sabinoarana.org

Bengoaren biografia laburra
www.ua.es


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia