euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sabin Bikandi, txistulari eta danbolin jotzailea: «Ni bizirik nago, eta nire musika garaikidea da»

2015/05/26

Sabin Bikandi (lehenengoa eskuinetik) Kukai taldekoekin Bartzelonan Max sariak hartzeko saioan
Sabin Bikandi (lehenengoa eskuinetik) Kukai taldekoekin Bartzelonan Max sariak hartzeko saioan

PUBLIZITATEA

Mende erdi bete zuen egun berean, maiatzaren 18an, jaso zuen Espainiako Arte Eszenikoen Max saria Sabin Bikandi txistulari, danbolin jotzaile eta musika sortzaileak (Barakaldo, 1965). Kukai dantza konpainiaren Gelajauziak ikuskizunerako sortu zuen musika, Xabier Erkizia musikariarekin batera. «Oso pozik hartu dut. Kukaikoek, gazteagoek, parranda egin dute eta dantza, nik gutxiago, baina uste genuenaren kontra oso ekitaldi beroa izan zen. Oso ondo hartu gintuzten; ez zen ekitaldi friboloa edo hotza izan». Kukaik ere Max saria eskuratu du lan berberarengatik, artista zerrenda onenaren kategorian. Gorka Erostarbek sinatzen du elkarrizketa Berrian.

Gorka Erostarbe/Berria. Zazpi bat urte zituela jo zituen lehen txistu notak Bikendik. «Eskolan musika irakasten ziguten orduan, eta segituan esan zidaten: 'Belarri fina daukak'». Zaletasuna areagotu egin zen: solfeoa aurrenik, herriko maisuekin ondoren. Ikasketak amaitzean jabetu zen «formazio beharrean» zegoela, eta 1994an Londresera egin zuen. Han gauzatu zuen masterra Etnomusikologian. Tesia egin zuen Alejandro Aldekoa Berrizko dantza maisuaren inguruan. Egun Aiko Taldeko dantza maisua da, eta dantza egiten irakastea xede duen Dantzaldi Ibiltaria proiektuaren sustatzaileetako bat. Txisturako doinuen egile eta moldatzaile ez ezik, Bilboko Udal Txistulari Bandako kide ere bada.

Omenaldietan, sarietan eta gisakoetan bakarrik akordatzen gara txistulari edo danbolin jotzailearekin?

Nik ez dut neure burua konpositoretzat; ez naiz liga horretakoa. Dantzarako txistua eta danbolina jotzen onenaren pareko izan ninteke, bai, baina hortik aurrera... mundu komertzial batean, edo mainstream-a nagusi denean tradizioaren musika hau saritzeak grazia pixka bat egin dit, eta hunkitu ere egin nau, eta harritu.

Batez ere txistulari eta danbolin jotzailea, baina, arraioa, Londresko Unibertsitatean Etnomusikologian doktore eta goi mailako irakaslea zara.

Bai, baina lekuz kanpo txiza egitea ez dut gustuko, eta, Cervantesen esan hura baliatuz, neure burua definitzen dut danbolin jotzaile vizcaino baten modura. Eta harro esaten dut. Hori da nire ofizioa: dantzarako txistua eta danbolina jotzea. Eta ilusioa egin dit horrelako lanbide bat aipatu eta goraipatu egiten dela sari honekin.

Gurean gutxiespen begirada bat gailentzen da herri dantzen musikarekiko, txistu eta danbolinarekiko?

Nik ez daukat batere konplexurik, ez formazio akademikoan, ez dakidan horretan, ez dantzari dagokionez, ez gizartean daukagun harrera eta errotze mailan... Baina onartu behar da objektiboki badaudela seinale batzuk kezkatzekoak eta, are, haserretzekoak edo salatzekoak, daukagun umorearen araberakoak...

Zer salatuko zenuke?

Bada, esaterako, dantza tradizionala ez egotea irakaskuntzan normalizatua. Ez dago espezializazio moduan ikasterik, baina ezta ikasgai moduan ere; inon ere ez. Horrek kezkatzen nau, eta dantza unibertsitatean ez egoteak ere bai. Europa guztian eta Ameriketan dantza irakatsi egiten da; hemen ez. Ni ostatu batean hazitakoa naiz; neure amamak sukaldean lan egiten zuen. Orain, haluzinatu egingo luke ikusiz gero sukaldaritza ikasteko zenbat leku eta unibertsitate dagoen, eta, aldiz, dantzarako ez daukagu ezer.

Eta dantza ikasteko, transmititzeko kalea ez da nahikoa.

Murgiltze bidezko transmisioa galtzen ari da gaur egun. Transmisioa egiten da irakaskuntza sistema baten bidez eta modu arautuan, eta dantzan ez dugu. Gure dantzen egoera aldera dezakegu euskararen duela 50 urtekoarekin. Nire ama ia eskolagabea zen, gerrak harrapatu zuelako, baina euskara irakasle izan zen. Ondoren ikastolen mugimendua, euskararen alfabetatzea, unibertsitatea... etorri ziren, eta euskal filologiaren karrera ere sortu zen Franco hil ostean. Bada, dantzan oraindik, gure amaren garai haietan gaude. Boluntario gabiltza ia, borondatez, ahal duenak ahal duenean irakatsiz... Murgiltze bidezko transmisioa desagertu egin da; euskararena baino panorama kaxkarragoa da. Familia eta inguru batzuetan euskaraz ikasten da berez, baina dantzan hori desagertu egin da. Eta horren alternatiba ez da gauzatu, gainera. Ni oso kezkatuta nago etorkizunarekin. Aikon helduekin egiten dugu lana, baina gazteak erakartzeko behar da zerbait antolatua eta eratua izatea. Euskara edo ingelesa irakasten duenari ordaindu egin behar zaiola ulertzen dugu, baina dantzarekin ez da berdin gertatzen.

Kultura sorkuntza garaikideak ere ez al dizue gutxiespenez begiratzen?

Bai, baina, tira, norberaren miseriak agerian geratzeko baino ez du balio horrek. Kultura garaikiderako sekulako apustua egin da herri honetan. Eta baita dantza garaikiderako ere. Baina, arraioa, dantza garaikidea leku askotan ikas liteke oso urrutira joan gabe ere: Bartzelonan, Madrilen, Parisen... Baina gure dantzak ez, ezin dira ikasi. Eta ez daukat ezer dantza garaikidea deitzen dugun horren kontra...

Baina?

Baina barrena irakiten jartzen zait dantza tradizionalaren inguruan gabiltzanok karkak garela entzuten dudanean. Ni bizirik nago, eta nire musika garaikidea da, haiena bezainbat behintzat. Eta hori ikusten ez badute, sekulako aurrejuzguak dituztelako ez dituzte ikusten. Karkak eta itxiak garenak ez gara gu, baizik eta haiek. Pertsona eta kultura guztiok gara desberdinak, eta horregatik, guztiok dugu balio berbera... Hori ulertzen ez dugun bitartean... Nik ez daukat konplexurik eta harro nago egiten dudanaz. Badakit neure tokia non dagoen, eta etiketekin arazoak dituenak berak jakingo du zergatik dituen.

Kukai dantza konpainiaren Gelajauziak ikuskizunerako musika Xabier Erkiziarekin batera konposatu zenuen, baina hark ezin izan zuen jaso...

Bai, bera ez da SGAE Espainiako Autore eta Editoreen Elkarteko kide, eta, horrenbestez, lana ez dago bere izenean erregistraturik, baina elkarrekin egin genuen eta neuk oso gogoan daukat. Nork bere esparrua landu zuen. Nik notak sortu eta landu ditut gehiago, eta bera nahasketez eta kontu elektronikoez arduratu da. Oso gauza politak egin ditu. Neu oso harro nago Xabierrekin lan egiteaz. Lankide itzela da eta pertsona aparta. Nik oso garbi daukat sariaren erdia berea dela.

(2015-05-22an Berrian argitara emana)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia